Ezker abertzaleak NaBai-ri Olaztiko alkatearen "zesea edo dimisioa" lortzeko eskatu dio

Guaixe 2009ko azaroaren 18a

Sakanako ezker abertzaleak deialdi publikoa egin zion asteartean NaBai-ri: "hartutako erabakiari buelta ematen, eta beharrezkoak diren gestioak egiteko Epifanio Marinen zesea edo dimisioa lortzeko". Aldi berean, Olatzagutiako ezker abertzalek alkate berriaren inguruan publiko egindako jarrerarekin bat egin zuen Sakanakoak. Horren berri emateko agerraldian Fran Balda ( Arbizu), Amaia Erdozia (Etxarri Aranatz), Juanjo Goikoetxea (Altsasu), Iñaki Marañon eta Juan Zufiaurre (Olatzagutia) hautetsi independentistak izan ziren. Sakanako ezker abertzaleak "oso larritzat" jo zuen alkatearen soldata porlandegiak ordaintzea. Gogora ekarri zuen "enpresa udalarekin auzitan" dagoela "Sakana osoaren osasunari kalteak ekarriko dizkion hondakinak porlandegian erretzeko erabiltzeko asmoa" dela eta. Alkateak "lehen adierazpenetan" porlandegiko "errausketa defendatu" zuela eta, hala, bere "beldurrak baieztatu" direla esan zuen ezker abertzaleak. Alkatea "Olaztiko herriarekin edo Sakanarekin beharrean, ordaintzen dion enpresarekin leial" dela ere salatu zuten hautetsi independentistek. NaBai-ri ere zuzendu zitzaion ezker abertzalea: "alkate berriaren kudeaketaren balizko ondorioak eta haren leialtasunak eta harremanak ezagutzen zituen; beraz, NaBai-ren ardura da gertatuko dena".