Hizkuntz eskubideen aldeko pedal kolpeak

Guaixe 2009ko azaroaren 20a

Urtero moduan, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragileak Ezabaketa Astea antolatu du. Ekimen horrekin "bizi dugun hizkuntza zapalkuntza agerian" utzi nahi du talde euskaltzaleak. EHE-rendako "gaur egun ezinezkoa zaigu euskaraz normaltasunez bizitzea, edonon urratzen baitzaizkigu hizkuntza eskubideak". Euskaltzaleendako horren adierazle lirateke "inguruan ditugun gaztelaniazko seinaleak". Sakanako EHE-ko taldeak Euskal Herri euskalduna aldarrikatzeko txirrindula martxa antolatu du larunbaterako. "Hizkuntza eskubideen aurrean, Sakana aurrera!" lemapean tropel euskaltzalea 16:30ean Etxarri Aranaztik abiatuko da, Altsasurantz. 18:30ean Altsasun kontzentrazioa eginen da eta ondoren auzatea izanen da. Martxan parte hartu nahi dutenek 16:00etan Altsasutik Etxarrira joateko trena dute eta buelta egiteko 19:30ean dago beste bat.