Talde parlamentarioak Josefina Arregiren errealitatearen jakitun dira

Guaixe 2009ko azaroaren 23a

Aurreko ostegunean ibarreko udalen ordezkaritza Nafarroako Parlamentuko taldeekin bildu zen, Iruñean. Josefina Arregi klinikaren berri eman zuten Irurtzun, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Urdiain eta Altsasuko alkateek osatutako batzordeak. Nafarroako Gobernuak eta Josefina Arregi zentro psikogeriatrikoaren arteko hitzarmen berria zentroaren errealitatera egokitzeko eskatu zuten udal ordezkariek. Udal ordezkarien iritziz "Osasun Departamentuak klinikak bere espezialitatean egiten duen ekarpena aitortu behar du eta, ondorioz, bere jarduna egiteko beharrezko diru-laguntza izan behar du".  Sakanako udal ordezkarien iritziz "itun berriak zentroaren errealitatea islatu behar du. Hau da, espezialitate horretan Nafarroan dagoen bakarra dela, Osasun Departamentuak, ibarreko osasun zentroek eta gaixo eta senideek bere izen eta lan ona aitortzen dituztela eta Nafarroa guztiko gaixoak hartzen dituela". Udal hautetsiek klinikaren etorkizunaren alde lanean jarraituko dutela aurreratu dute, eta ez dute baztertu "beharrezkoa balitz, hiritarren mobilizazioa". Bitartean hainbat udaletan mozioa onartu dute eskatuz Osasunbideak epe motzeko ospitalizazioko osasun harreta eta kanpo kontsultak bere gain hartzeko. Ongizate Departamentuak klinikako eguneko zentroa kontzertatzeko eskatu da, baita Dependentzia Legea betetzeko eskualdeko beharren ikerketa egiteko.