Gurpil gainean hizkuntza eskubideen alde

Guaixe 2009ko azaroaren 24a

Larunbatean bederatzi txirrindularik egin zuten Etxarri Aranatz eta Altsasu arteko txirrindula martxa. Euskal Herrian Euskaraz eragileak Ezabaketa Astearen barruan antolatutako ekitaldia izan zen. Txirrindulariek uneoro Guardia Civilaren zaintzapean egin zuten ibilbidea. Eta hala egin zen Altsasuko udaletxe aurrean kontzentrazioa ere. 40 bat pertsona bildu ziren, baina baimenik ez zutenez, ez ziren 20 pertsona baino talde handiagoan bildu. "Hizkuntza eskubideen zapalketaren gainetik, Sakana aurrera!" leloa zuen bilkurak. Gaztetxean, ondoren, bilduendako auzatea izan zen eta han irakurri zen komunikatua. EHE-tik adierazi zen, erdarak "bertako hizkuntza direla esatera pasa" garela, "zapaldu nahi gaituenaren tresna menperatzaile gisa baino, aberastasun iturri gisa katalogatzen ditugu". EHE-k aldarrikatu zuen "euskara berezko hizkuntza bakarra" dela. Euskaltzaleek azaldu zutenez, "herritarren partetik euskara zein erdaren aldeko hautua egiteko orduan, nortasunari baino, praktikotasunari gehiago begiratzen zaio, eta noski, gaur egun nagusi diren erdarak irteten dira indartuak borroka horretan".Sakanan egoera horren adierazle lirateke EHE-rendako errepideetako errotulazioa (hainbat seinaleetan pegatinekin agertu ziren). Horrekin batera, A ereduaren kontra agertu ziren, "erdal eremuak handitzen dituelako". Hizkuntza eskubideen zapalketa salatzeko deia egin zuen EHE-k, eta hezkuntza eskubideen aldeko borrokan parte hartzeko deia egin zuen.