Ezker abertzalea: ibarreko euskara batzordeak eraginkortasuna galdu du

Guaixe 2009ko azaroaren 25a

Asteartean prentsaurrekoa eman zuten Oihane Uribe-etxeberriak (Lakuntza), Gorka Iriartek (Arbizu) eta Raul Barrenak (Altsasu). Aurreneko biak Sakanako Mankomunitateko Euskara batzordeko kide dira eta hirugarrena mankomunitateko batzarkidea. Hiruek salatu zuten "euskara batzordeak eragikortasuna eta ekimenak egiteko iniziatiba galdu duela". Hori argudiatu zuten esanez "NaBaik talde euskaltzaleen parte hartzea mugatu" zuela. Horri "batzordearen deialdien murrizketa" gehitu zioten eta, ondorioztatu zuten haiek "oso ongi baloratzen zuten lantalde bat praktikan desegin" zela. Ezker abertzaleko kideen ustez horrek ekarri du "marko horretatik sortzen zen fiskalizazioa, kontrola, eztabaida eta ekimena desagertzea". Ezker abertzaleak salatu zuenez, "aurrera eramaten diren dinamika eta ekintzak pertsona bakar batek (Maider Goñi, Etxarriko alkatea) erabakitzen ditu, eta, gainera, "lan" teknikoa arlo horren erabilpen politikoarekin nahasten du". Mankomunitateko presidentea ere kritikatu zuten, "jokabide horiek ontzat emateagatik". EskaeraEzker abertzaleko kideek aurreratu dute dagoeneko Mankomunitateko Euskara Batzordearen premiazko deialdia eskatu dutela. "Euskararen sustapenerako diru partidak gastatu eta banatzeko erabiltzen dituzten irizpideen inguruko azalpenak" eskatuko dituzte bilera horretan. Horrekin batera, "hartu izan diren zenbait erabakiren emaitzen balantzea egiteko" eskatuko du ezker abertzaleak. Euskara batzordeko diru partiden "erabilera txarraren adibide" gisa jarri zuten "Uharte Arakilgo festetako programan zezen mekaniko bat eta diskoteka mugikorra" ordaintzea. Ezker abertzalearendako "ekintza horiek ez dute inolako harremanik euskararen sustapenarekin". Kritiko azaldu ziren ere Kuadrilategi egitasmoaren eskaintza Etxarri Aranatzera eta Urdiainera mugatzearekin. Uharte Arakilen, Lakuntzan eta Altsasun programarekin interesatuak bazirela argitu zuten. Lakuntzan garatuko da programa. Ezker abertzaleko kideek galdetu zuten zergatik ez den beste herrietan eginen.