Lurtarrak txapeldun

Guaixe 2009ko azaroaren 24a

Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak gizarte zerbitzuen laguntzarekin antolatutako Emakumezkoen Nazioarteko II. Areto Futbol Txapelketa igandean jokatu zen Etxarri Aranazko San Donato eskolako kiroldegian. Talde bakoitzean gutxienez bi jatorritako jokalariak egon behar ziren, txapelketaren helburua jatorri ezberdinetako jendea harremanetan jartzea zelako. Ildo honetan, iaz txapelketa mistoa antolatu zuten, baina aurten soilik emakumeendako txapelketa prestatzea erabaki zuen Immigrazio Zerbitzuak, "hemengo eta kanpoko gizonak elkarren arten erlazionatzea eta kiroldegietara eta beste joatea barneratuago zegoela ikusi genuelako, baina emakumeen artean ez horrenbeste. Horregatik aurten emakumeen txapelketa antolatzea pentsatu genuen" adierazi zigun Bego Zestau immigrazio teknikariak.  Lau talde eta 60 emakumeEta ekimenak erantzun bikaina izan du, lau futbol talde animatu baitziren parte hartzera. Talde bakoitzak gutxienez 7 jokalari eta gehienez 14 izan zitzakeen, eta guztira 60 emakume aritu dira lanean, jatorri ezberdinetakoak. Altsasuko Lurtarrak taldean altsasuarrek, ekuatoriarrek eta txiletarrek bat egin zuten; Etxarriko Etxarrikuek taldean etxarriarrek eta ekuatoriarrek; Gora gu! taldean sakandarrak, marokoarrak, argeliarrak eta ekuatoriarrak izan ziren; eta Gora gu ere bai! taldean sakandarrak, marokoarrak, bulgariarrak eta ekuatoriarrak. Antolakuntzak talde bakoitzari kolore ezberdineko kamiseta eman zion opari. Igande goizean finalerdiak jokatu ziren eta arratsaldean final handia. Primerako giroa izan zen Etxarriko San Donato ikastetxeko kiroldegian, ikusle ugari bertaratu eta partidak oso lehiatuak izan zirelako. Sakanan bizi diren jatorri ezberdinetako emakumeek elkar ezagutu zuten kirolaren aitzakiarekin eta egun atsegina pasatu zuten. Irabazleak Lurtarrak altsasuarrak izan ziren, txapeldunordeak Etxarrikuek, hirugarrenak Gora gu! Eta laugarrenak Gora gu ere bai! Mankomunitateko presidente Migel Angel Zubiriak banatu zituen trofeoak, eta ondoren merienda ederra izan zen bildutako guztiendako, Marokoko gozo eta guzti. Antolatzaileek oso balorazio ona egin dute eta lehiaketak "oso zapore ona" utzi diela nabarmendu dute eta hirugarren txapelketa antolatzeko proposamen ugari jaso dituztela.