Atzokoan Altsasun izan ziren CCOO-ko idazkari nagusi Ignazio Fernandez Toxo eta Jose Maria Molinero, Nafarroako idazkari nagusia. Maite Baleztenarekin batera prentsaurrekoa eman zuten. Ondoren, Sakana eta Nafarroako delegatuak batu zitzaizkien, 500en bat, eta manifestazioa (Enpleguaren defentsan, Sakana bizirik!) eta batzarra egin zuten. Molinerok aitortu zuen ibarreko egoera "dramatikoa" dela. Bere adierazpena langabezia (%92 gehiago) eta erregulazio espedienteen (1831 langile) datuetan oinarritu zuen. Molinerok dei egin zion Nafarroako Gobernuari eskualdean inbertitzeko. Enpresariei ere zuzendu zitzaien esateko garai hobeetan lortutako etekinak orain inbertitzeko. Molineroren ustez Sakanako egoera "kezkagarriaren" ardura gehiengo sindikala duten ELA-rena eta LAB-ena ere bada. "Kritika, aurkakotasuna eta eraikuntza nazionalean hipotekatuta egon beharrean langileen errealitateari erantzunak eman beharko" lizkieketela esan zuen. Gaineratu zuenez, "ez dute erantzuten jakin. Etorkizuneko industria proiekturik ez dute egin". Horren adibide gisa Molinerok Sunsundegui jarri zuen: "ongi zegoenean, ordu arrunta baino aparteko ordu gehiago sartzen ziren". Sakanako gehiengo sindikalari "txip aldaketa egitea" eskatu zien. Aldi berean, "konponbide eta negoziazio testuinguruan" krisiari eta enpleguaren deuseztapenari aurre egitearen alde agertu zen.EstatuaCCOO sindikatuak, UGTrekin batera, abenduaren 12rako manifestazioa deitu du. Ignazio Fernandez Toxok, sindikatuko idazkari nagusiak atzo Altsasun esan zuenez, "presio eta indar metaketa izanen da, hiru milioi langileren lan hitzarmenean ez dagoelako aurrerabiderik". Fernadez Toxok era aurreratu zuen CCOO-k hiru urterako akordio bat landu nahi duela, "Espainiako ekonomian beharrezko eraldaketak emateko, ekonomia eta enpleguaren errekuperazioa lortzeko. Baina langileen eskubideetan galerarik izan gabe". CCOO-ko burua estatuan barna dabil egun hauetan. Sindikatuko ordezkaritzei lan hitzarmenaren negoziaketa zertan den eta 2010erako zein ikuspegi dituen azaltzen ari da. Azken horri buruz, esan zuen estatuaren errekuperazioa beste batzuekin alderatuta "atzeratu" eginen zela.