Sakandarrak bertsolari gazteen artean

Guaixe 2009ko azaroaren 27a

Bi urtetik behin Xalto sariketa jokatzen da Goizuetan, Nafarroako bertsolari gazteendako txapelketa. Hamargarren edizioan 14 gaztek parte hartuko dute. Horien artean daude Joseba Beltza, Eneko Lazkoz eta Oier Lakuntza. KanporaketakSakandarrek Aimar Karrika, Alazne Untxalo, Egoitz Gorosterrazu, Iker Gorosterrazu, Ioar Tainta, Jon Elizetxe, Saioa Alkaiza, Iñaki Aleman, Josu Sanjurjo, Jose luis Barberia Zizi eta Joseba Zabaleta izanen dituzte aurrez aurre. Epaile lanetan Nerea Bruño, Saioa Mitxelena eta Josu Etxanobe arbizuarra arituko dira. Goizeko 11:00etatik aurrera, bi kanporaketetan lehiatuko dira 14 bertsolariak, seiko taldean batzuk eta zortzikoan besteak. Txukunen aritzen diren sei bertsolariek finalerako txartela lortuko dute. Egunean bertan jokatuko da, arratsaldeko 18:00etan. EgitekoakHonako lana izanen dute kanporaketan: gai orokorrarekin bertso bana zortziko txikian, binaka ofizioka hiruna bertso eta hitza emanda bertso bana. Finalera pasatzen direnek, berriz, honakoak: zortziko handian binaka gaia emanda hiruna bertso, zortziko txikian binaka ofizioka hiruna bertso eta kartzelakoa, zortziko txikian bi punturi erantzun eta gaia emanda bakarka bi bertso. Bertsolarien harrobiNafarroako Bertsozale Elkarteak antolatu du txapelketa Goizuetako Udalaren laguntzarekin. Nafarroako bertsolari gazteei kantatzeko aukera emateko helburuarekin antolatzen du sariketa, Izeta txapelketarekin tartekatuta. Bide batez, Andres Narbarte Xalto omentzen dute bere jaioterrian. Hamar ediziotan bertsolarien harrobia izan da. Ikusi besterik ez dago irabazleen zerrenda: Julio Soto, Estitxu Arozena, Xabier Silveira eta beste. Sariketan parte hartzeko hiru baldintza bete behar dituzte bertsolariek: Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean inoiz kantatu ez izana, aurretik Xalto sariketa irabazi ez izana eta 1983. urtean edo beranduago jaioak izatea. Beraz, etxarriarrek hau dute txapela jartzeko azken aukera.