Zilarrezko Domina ere Rueda eta Irisarrirendako

Guaixe 2009ko abenduaren 1a

Aurreko astean publikatu genuen Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kirolaren Urrezko Domina Juan Barcos Nagoreri ematea erabaki zuela, eta horretaz gain beste 25 nafarrei Nafarroako Kirolaren Zilarrezko Domina emanen ziela, guztiei kirolaren alde egindako lana eskertzeko. Tartean Jesus Mari Goikoetxea Velaz lakuntzarra zegoela aipatu genuen, futbolean, Lakuntza Kirol Elkartean eta Lagun Artea futbol taldean egindako lanagatik sarituta. Bada, beste bi Zilarrezko Domin Sakanara etorri direla gaineratu behar dugu. Zilarrezko Domin horietako bat Gonzalo Rueda Perezek jasoko du. Rueda altsasuarrak 25 urte baino gehiago daramatza Altsasun saskibaloia sustatzen. Altsasuko Kirol Eskoletan, Sociedad Deportiva Alsasuan eta Altsasuako Saskibaloi Klubean lan andana egindako gizona da, bereziki saskibaloian, eta egun saskibaloi entrenatzailea da. Lan handia egin duenari errekonozimendua egin nahi zaio. Azkenik, Alfredo Irisarri Izuk ere Zilarrezko Domina jasoko du, 25 urte baino gehiagotan karatea bulkatzeagatik, eta Nafarroako Karate Federazioan eta Burlatako Kanku klubean egoteaz gain Irurtzungo Shotokán Kirol Klubean aritzeagatik. Hortaz, zorionak hiruei. Sariak asteazkenean emanen dituzte, 12:00etan, Nafarroako jauregian.