Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Elizondok hartu zuen Nafarroako Goma Gaineko Sokatira 8x8 Txapelketako hirugarren eta azken jardunaldia. Hiru mailatan edo pisutan jokatu da txapelketa: 640 kiloko gizonezkoen taldea, 600 kiloko gizonezkoen taldea eta 500 kiloko emakumezkoen taldea. Nabarmentzekoa da Amaiur taldea izan dela txapelketa osoaren jaun eta jabe, aipatu hiru mailatan gailendu baita.Emakumezkoetan Amaiurko taldea nagusitu zen hirugarren jardunaldian, lau puntu eskuratuz. Beti Gaztek hiru puntu bildu zituen, Sakanak bi eta Berriozarrek bat. Jokatutako hiru jardunaldietako puntuak batuta, Amaiur izan da txapelduna merezimendu osoz (10,5 puntu), Beti Gazte txapeldunordeari puntu bateko aldea atereaz (9,5 puntu). Sakanako neskak hirugarrenak izan dira zazpi punturekin eta Berriozarrekoak laugarrenak eta azkenak 3 punturekin. Larunbatean Euskak Herriko Lauko TxapelketaNafarroako zortziko txapelketa jokatu eta gero, Euskal Herriko Lauko Txapelketa dute jokoan Sakana taldeko neskek. Txapelketaren lehenengo jardunaldia larunbatean jokatuko da, abenduaren 5ean, Zeberion. Bigarren jardunaldia Oiartzungo Elorsoro kiroldegiak hartuko du, abenduaren 12an, eta hirugarrena eta azkena Arrigorriagako pilotalekuak, abenduaren 19an. Nesken lauko txapelketako 255 kilokoan ariko dira neska sakandarrak. Izenak berak dioenez lau tiralariz osatutako taldeak ariko dira lehian, 255 pisua gainditzen ez dutenak. Momentuz 9 taldek eman dute izena - Berriozar, Gasteizko Badaiotz, Oiartzungo Girizia, Lesakako Beti Gazte, Amaiur, Ibarra A, Ibarra B eta Sakana A eta Sakana B. Beraz, Sakana taldeak bi talde aurkeztuko ditu txapelketara, eta baliteke Badaiotz taldeak bigarren talde bat aurkeztea. Larunbateko lehen jardunaldian, 14:30etik 16:00ak bitartean, taldeen pisaketa eginen da, eta arratsaldeko bostetan hasiko dira lehiak. Txapelketako arauei dagokionez, 3 metrora lehiatuko da eta jardunaldi bakoitzean bildutako puntuak batu eta gero puntu gehien lortzen dituen taldea izango da txapelduna. Oinetakoei dagokionez, zapatila errekautxutatuak erabili ahal izango dira. Iaz Badaiotz taldeko neskak izan ziren txapeldunak, txapelketako tiraldi guztiak irabazita, eta Sakanako neskak laugarrenak izan ziren. Ea aurten nola doazen gauzak, bi talde aurkeztu dituztela kontuan hartuta.