Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskaltel-Euskadi txirrindularitza taldeak 2010 denboraldiari begirako lehen kontzentrazioa burutu du aste honetan Derion. Taldeko txirrindulariak, arduradunak, mekanikoak, medikuak... guztiak bildu dira. Ostegunera arte luzatutako egonaldian txirrindulari bakoitzaren denboraldiko plana zehazteaz gain, txirrindulariek mediku kontrolak pasa beharko dituzte eta babesleen egoitzak bisitatu eta komunikabideekin elkarrizketak eginen dituzte. Derioko kontzentrazio hau baliatu du Euskaltelek taldearen organigraman eman diren aldaketak azaltzeko. Hemendik aurrera Igor Gonzalez de Galdeanok hartuko du Migel Madariagaren ardura, hau da, taldearen manager orokorra edo arduradun nagusia izanen da Igor. Baina Madariagak ez du txirrindularitza utziko, eta hemendik aurrera Euskadi Fundazioaren presidente izanen da, harrobiko lana eginez eta finantziaketaz arduratuz, eta bestetik taldearen ohorezko presidentea izanen da. Orain arte Igor Gonzalez de Galdeanok egiten zuen lana, bere anaia Alvarok hartuko du eta bera izango da Euskaltelen kirol zuzendari berria. Dopingaren aurka gogor arituko direla nabarmendu zuten arduradunek, eta horretarako proiektu bat zehaztuko dutela nabarmendu zuten. Lau sakandarrek jarraitzen duteAurten 24 txirrindulari ariko dira Euskaltel-Euskadin. Iazko plantillako 18 txirrindularik jarraitzen dute, taldearen oinarriari eutsiz, eta sei txirrindulari fitxatu dira, Romain Sicard eta Beñat Intxausti aipagarrienak. Jarraituko dutenen artean daude lau sakandarrak, Egoi Martinez eta Gorka Verdugo etxarriarrak, Pablo Urtasun urdiaindarra eta Jorge Azanza altsasuarra. Egun hauetan zehaztuko da haien egutegia. Samuel Sanchez izanen da talde burua, eta aurten Tourrean ariko dela iragarri du Sanchezek. Tourra, Vuelta eta Euskal Herriko itzuliak dira Euskaltelen helburua, eta Giroan ez dute parte hartuko.