Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Burunda Txirrindularitza Klubak ohiko batzarra deitu du abenduaren 12an, larunbatarekin, Iturmendiko udaletxeko aretoan. Lehen deialdia 17:30ean izanen da, eta bigarrena 18:00etan. Ondoko gai ordena izango dute: aurreko aktaren irakurketa eta onarpena, diru kontuen egoeraren errepasoa eta aurreko denboraldiaren kirol balantzea. Jakina, bukaeran galde-eskaeren txanda izango da eta ohikoa denez denboraldi bukaerako trofeo banaketa eginen zaie klubeko txirrindulariei. Denboraldi bikainaAurten denboraldi bikaina egin dute Burunda Txirrindularitza Klubeko kideak. Eskolako taldeei dagokienez, hasiberriek ginkanan garaipen bat, 5 bigarren postu eta 4 hirugarren postu lortu dituzte, eta lasterketetan 4 garaipen, 4 bigarren postu eta 11 hirugarren postu. Kimuek 8 garaipen lortu dituzte ginkanan, 3 bigarren postu eta 2 hirugarren postu, eta lasterketetan 12 proba irabazi dituzte, 2 bigarren postu egin dituzte eta 4 hirugarren postu. Haurrek ez dute ginkana probarik ez lasterketarik irabazi baina bina bigarren eta hirugarren postu egin dituzte ginkanan eta 2 laugarren postu errepideko lasterketetan.Junior mailako datuak are esangarriagoak dira. 40 lasterketa irabazi dituzte Burundako gazte mailakoak eta hainbat etapako bi itzulitan txapeldunak izan dira. Eta taldeka lehenak izan dira 12 probatan. Beñat Txoperena eta Ion Irigoien gailendu dira denen artean. Txoperena Munduko Txapelketan aritu zen, eta Ion Irigoien, Andoitz Azurmendi eta Alvaro Sorbetekin batera Espainiako Txapelketan parte hartu zuen. Bestalde, Ion Irigoien urdiaindarra errepideko Nafarroako txapelduna izan da, eta Nafarroako banakako erlojupekoan hirugarrena izan zen.