"HABITAT".- KATIXA AGIRRE.- ELKAR, 2009

Guaixe 2009ko abenduaren 2a

     Katixa Agirre gasteiztarrak X. Igartza Beka lortu zuen "Habitat" bere  bigarren liburu honekin. Sei ipuin luzek osatzen dute idazle gaztearen eskaintza. Nobela laburretik gertu daude ipuinok, eta ondorioz tradizionaletatik urrun samar. Gero eta luzeagoak ateratzen zaizkiola aipatu izan du.           Sei narraziook deskribatzen digute gure "habitat ideala". Etxe mota ugari ageri dira "Habitat" honetan, baina Katixa bizi izandako etxeak edota ezagutzen dituenak ageri dira eszenatoki gisa. Ipuinetan bere bizitza nolabait islatu egiten da, amonarekiko harremana esaterako, eta baita gaur egun etxeak suposatzen duen arazo sozial eta ekonomikoa ere.  Sei istoriok dute sofa ardatz une garrantzitsuetan. "  Garai bateko suaren tokia sofak hartu du, egongelak alegia". Hala ere," garrantzitsuena ez dira hormak, altzariak...  barruan bizi duguna baizik.  Nolabait, behatzaile puntutik erreparatu diet giza harremanei, animalei begira dagoen naturalista baten antzera" (Rodriguez de la Fuente aipatu zuen mintzaldi batean)    Liburuko ipuin gehienek ez dute bukaera itxirik, bizitzan gertatzen den bezala: "amaiera definitibo bakarrra heriotza baita."      Gazte asko identifika daitezke istorio hauetako pertsonaia eta gertaera askorekin: etxebizitza aldaketak, hipotekak, beldurrak, bakardadeak, lan eta amodio/desamodio kontuak, hirugarren pertsonen agerpenak... giza harremanen alde afektiboari bereziki erreparatzen zaiolarik.    Idazkera aldetik, oso estilo komunikatibo eta ulerterraza erabili du Katixak, irakurtzeko inori trabarik suposatuko ez diona.  Izaskun Etxeberria Zufiaurre