Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Zaldi Beltza xake taldearen laguntzarekin, IX. Sakanako Xake Txapelketa antolatu du. Txapelketa abenduaren 12an jokatuko da, larunbatarekin, Hiriberriko Txitera elkartean, eta txapelketaren arduraduna Zaldi Beltzako Jose Migel Mauleon izanen da. Txapelketako xake partidak goizeko 9:30etik aurrera hasiko dira. Bazkaltzeko atsedenaldia eginen dute, eta Hiriberriko elkartean bertan eginen dute hamaiketakoa eta otordua xakelariek. Bazkalondoan aurrera jarraituko dute lehiek, txapelketa bukatu arte. Txapeldunak 120 euroko saria jasoko du, bigarrenak 90 euro, hirugarrenak 60 euro eta laugarrenak 30 euro. Iaz Etxarri Aranazko Larrañeta elkarteak hartu zuen txapelketa, eta heldu eta gazteak kontuan hartuz 40 xakelari aritu ziren lanean. Helduen mailan Alfonso Cenborain nagusitu zen, 14 urtez beherakoetan Mikel Ortega, eta sakandarren artean Koldo Flores izan zen onena. Ea txapelketak zer ematen duen aurten.