Kulturartekotasuna argazkitan

Guaixe 2009ko abenduaren 14a

Joan zen asteazkenean banatu ziren Kultur Arteko Sakana I. Argazki Lehiaketako sariak. Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuak antolatu du aipatu lehiaketa, immigrazioaren inguruko hausnarketa sustatu eta irudien bidez gaia plazaratzeko helburuarekin. Bide batez, herritarren parte hartzea bultzatu nahi zuen zerbitzuak. 9 lagunek parte hartu dute lehiaketan, 4 sakandarrek eta 5 sakandar berrik. 27 argazki aurkeztu dituzte guztien artean. Epaimahaiak lau argazkilarien lana saritu zuen: 16 urtetik beherakoen kategorian, Aitziber Miguel Oiarbide saritu zuten Mugarik gabe argazkiarekin; 100 euroko txartela jaso zuen altsasuarrak. 16 urtetik gorakoen artean, berriz, Nerea Martinez (Denon eskuak bero bero), Lakuntzako eskola (Txu-txu) eta Abderrahin Klifi (Sakana intercultural) saritu zituen epaimahaiak. 300, 150 eta 80 euroko saria jaso zuen hurrenez hurren.Egitasmoa Sakanako Mankomunitatearen Immigrazio Zerbitzuaren etorkinen harrera eta integrazio planaren barruan kokatzen da. Nafarroako Gobernuaren laguntza du.