Haize Berriak bertsio originalean

Guaixe 2009ko abenduaren 18a

Abenduaren 19an, larunbatean, 20:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean.Abenduaren 20an, igandean, 18:00etan, Irurtzungo San Martin elizan. Irurtzungo abesbatzarekin. Duela hiru bat urte bide berriari ekin zion Sakanako Haize Berriak bandak: bandarako errepertorioa berritzeko ahaleginean protagonista bihurtu eta obrak enkargatzen hastea erabaki zuen. Horren emaitza dira asteburuan Altsasun eta Irurtzunen eskainiko dituen obrak: J. Vicent Egea-ren Variaciones Agur Jaunak, Carlos Etxeberriaren Olatzagutiako xuxurlak eta Montserrat Torras-en Luces de Bardenas. Originala goitik behera kontzertua borobiltzeko, Haize Berriak Konposizio Lehiaketan gailendu zen Thierry Deleruyelle Kadesh obra mustuko du Sakanako bandak. 8.000 euroko saria irabazi zuen frantziarrak. Piezaren estreinaldian Sakanarako bidea hartuko du haren konpositoreak eta domina jasoko du Haize Berriak Bandaren eskutik. Frantziarrarekin batera, kontzertuan egonen da Luces de Bardenas obraren konpositore Montserrat Torras kataluniarra. Lan eredugarriaBandarako musika sormenari ekarpen nabarmena egin dio Sakanako Haize Berriak bandak. Hiru obra enkargatu ditu azken urteetan. Horri azken urteetako bandaren egitasmo azpimarragarriena gehitu behar zaio: Bandarako Nazioarteko Konposizio Lehiaketa. "Inguruan ez dago horrenbeste enkargu egin dituen bandarik" adierazi zuen bandak gertutik ezagutzen dituen Vicent Egeak. "Txalogarria da bandaren eta haren zuzendariaren lana" gaineratu zuen. Lan horren fruituaz gozatzeko aukera eskaintzen dute asteburuko kontzertuek.IkusmiraIkusmira handia sortu du kontzertuak. Horren seinale, Altsasuko kontzerturako sarrerak agortuta egotea. Haize Berriak Bandak ez du inor kalean utzi nahi izan. Horregatik, kontzertua zuzenean emitituko da Iortia kultur guneko areto txikian. Irurtzunen ez da aldez aurreko sarrerarik behar. Obrak:Carlos Etxeberriaren Olatzagutiako xuxurlak. (Haize Berriak Bandak 2008ko maiatzean mustutako lana).Olatzagutiako Udalaren enkarguz Jose Luis Ollo musikari olaztiarraren omenez sortutako lana. Gure lurraldeko soinuz eta erritmoz hornitua. Banda zuzendari ohiaren izaera gogoan, herriarengandik hurbilekoa. Olatzagutiako dermioetatik egindako ibilbidea deskribatzen du.Irurtzungo kontzertuan herriko abesbatza izanen dute lagun.Thierry Deleruyelle-ren Kadesh (Haize Berriak Bandaren Nazioarteko Lehiaketaren irabazlea. Obraren estreinaldia).Kadesh Egiptoko hiri bat da. Bertan egin zen historiako lehen gudu taktikoa Ramses II. faraoia eta Muwatallik zuzendutako Hihiten artean. Kristo aurreko 1285 urtean izan zen. Gudako une ezberdinak deskribatzen ditu Deleruyelleren lanak: guda aurreko tentsioa; batailaren prestaketa eta bataila, perkusio eta erritmo biziz betea; eta, amaitzeko, mugimendu lasaia, bi herrien arteko hitzarmenak ekarri zuen esperantzaren isla. "Nahiko obra zinematografiko eta deigarria da" azaldu zuen lehiaketako epaimahaikide Vicent Egeak, "obra atsegina da bai jotzeko, baita entzuteko ere".Montserrat Torras-en Luces de Bardenas (Haize Berriak Bandak 2009ko martxoaren 14an mustutako lana)Haize Berriak Sakanako Musika Elkarteak enkargatutako lana Emakume Langileari omenaldi berezia egiteko. Bardeetako basamortuko irudietan inspiratu zen konpositorea. Obrak haize eta hizkuntza errekurtsoak ditu. Nota baten gainean eraikia dago hasiera. Basamortuko oihartzuna bailitzan, hasierako nota garatuz doa instrumentazio eta erregistro aldaketen bidez. Melodia polifonikoa dator ondoren, errepikatzen den akordearen gainean eraikia.   J. Vicent Egea-ren Variaciones Agur Jaunak (Haize Berriak Bandak 2007ko urriaren 27an mustutako lana).Bandako kide Esther Irisarriren memorian sortutako obra. Honen bidez, bandak musikari lotu nahi izan zion bandako kide izandakoaren memoria. Estherren bizitza musikalaren alde ugari ukitzen ditu obrak; maitasuna, lana, dantza, musika eta festa iradokitzen ditu. Bakarlarien notetan leku berezia dute saxoak eta txistuak, Estherrek jotzen zituen musika tresnek.Bazkide edota laguntzaile bilaHaize Berriak Banda Sakanako Musika Elkarteak bazkideak ditu oinarri hasiera-hasieratik. Hainbat irudi sortu dituzte: Bazkidea (urteko 15 euroko ekarpenarekin), Musika eskuratzeko laguna (100 euroko ekarpen bakarra), Musika instrumentuak eskuratzeko laguna (1000 euroko ekarpen bakarra) eta Enpresa laguna (1500 euroko ekarpen bakarra). Bandaren informazio zuzena jaso dezakete guztiek eta sarrerak lortzeko erraztasunak izanen dituzte. Informazio gehiago bandahaizeberriak@hotmail.com helbidean eta www.haizeberriak.com orrian.