Kontzertua zabaldu!

Guaixe 2009ko abenduaren 14a

Eskaera hori egin zioten aho batez udalek eta 800 bat sakandarrek Nafarroako Gobernuari. Ordu laurdeneko elkarretaratzea egin zen larunbatean Altsasuko Foru plazan eta han, batez ere, adineko pertsonak ziren nagusi.  Aldarrikapenak, jakina: urte bukaeran bukatzen den kontzertua zabaltzea. Bildutako udal ordezkariek eta sakandarrek dei egin zioten Nafarroako Gobernuari Josefina Arregiko egonaldi laburreko 21 oheak kontzertatu ditzala. Egun 11 besterik ez dira. Horrekin batera kontzertuan zentro psikogeriatrikoak eskaintzen dituen kanpo kontsultak biltzea eskatu zuten bildutakoek. Argudiatu zutenez, "sare publikoko gaixoen jarraipena eta arreta erraztu eta inplikaturiko profesionalen koordinazioa ahalbideratzen du". Bildutakoek garbi dute klinikak eskaintzen dituen hiru zerbitzuak (aipatutakoez gain, eguneko zentroa ere badu) eta zentroaren beraren "etorkizuna arriskuan" daudela. Udal ordezkariek azaldu zutenez, kontzertuaren zabalpena "borondate politiko eta konpromiso ekonomikoa behar ditu". Osasunbideako arduradunek nafar guztiei zerbitzua eskaintzen dien klinika "teknikoki beharrezkotzat" jo zutela gogora ekarri zuten udal ordezkariek.  LangileakKlinikako langileek bat egin zuten udalen deialdiarekin eta larunbateko bilkuran presente egon ziren. Bailara udalekin bat zioen pankarta zabaldu zuten. Langileek egungo kontzertua "ez dela nahikoa garbi" dute. Azaldu zutenez, "Nafarroan psikogeriatrian dauden beharrak kontuan izanik, zentro hau beharrezkoa da". Gaineratu zutenez, "baldintza egokietan funtzionatzeko ezinbestekoa da egonkortasun ekonomikoa izatea, eta hori Nafarroako Gobernuaren ardura da". Halako "zentro gehiago egon beharko" luketela ere azpimarratu zuten.