Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean 70 pertsona bildu ziren Burunda Txirrindularitza Klubak Iturmendiko udaletxean egindako ohiko batzarrean. Besteak beste diru kontuen balantzea egin zen. Burunda taldeko txirrindularitza eskolak, hasi berrietatik gazte mailako kategoriara arte, 35.730 euroko gastua izan zuen aurreko denboraldian, eta 36.272 euroko diru sarrerak. Segidan denboraldiko kirol balantzea egiteko txanda heldu zen. Aurten denboraldi bikaina egin du Burunda Txirrindularitza Klubak. Hasi berrien, kimuen eta haurren mailetan guztira 16 lasterketa irabazi dituzte eta lehenak izan dira 9 aldiz irabazi dute ginkana, eta kadeteak 26 lasterketetan aritu ziren, lehen hamarren artean sarritan sailkatuz. Jubenilen lana, txalotzekoa: 14 etapa irabazi eta taldeka 12 garaipen lortu dituzte, eta Beñat Txoperena - Munduko Txapelketan aritu zen - eta Ion Irigoien gailendu dira. Zer esanik ez Rural Kutxa afizionatuei buruz. 42 garaipen lortu zituzten taldeko 14 txirrindulariek. Horietatik 7 korrikalari izango dira profesional: Garikoitz Bravo, Guillermo Lana, Ruben Martinez, Ruben Garcia eta Fabricio Ferrari Rural Kutxa talde kontinental berrian ariko dira, Florentino Marquez Rock Racing taldean eta Adrian Saez de Arregi Orbea taldean. Bukaeran, eskoletako txirrindulariak, kadeteak eta jubenilak denboraldi bukaerako trofeoa jaso zuten eta Katealderen oparitxo bat. Orain hurrengo denboraldian murgilduko dira buru-belarri.