Mikel Torres IX. Sakanako Xake Txapelketako txapelduna

Guaixe 2009ko abenduaren 16a

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Zaldi Beltza xake taldearen laguntzarekin, IX. Sakanako Xake Txapelketa antolatu zuen larunbatean Hiriberriko Txitera elkartean. Goizean goiz hasi, elkartean bertan bazkaltzeko atsedenaldia hartu eta arratsaldean erabaki zen txapelketa. Sakanako xakelariez gain, Iruñerritik gerturatutako xakelariek hartu zuten parte, primerako giroan. Txapelketaren ardura Zaldi Beltzako Jose Migel Mauleonek eta Mikel Markotegik eraman zuten modu bikainean. Koldo Flores sakandar onenaAdin guztietako xakelariak neurtu ziren Hiriberrin. Gazteena zortzi urteko neskato bat zen, eta hortik aurrera adin guztietako pertsonak zeuden, gizonak gehienak. Bada, irabazlea Mikel Torres izan zen, eta txapela eta 120 euro jaso zituen sari. Luis David Jimenez txapeldunordeak trofeoa eta 90 euro jaso zituen, eta J. A. Apestegia hirugarrenak trofeoa eta 60 euro. Beteranoetan Diego Moral izan zen onena eta trofeoa jaso zuen, eta 14 urtez azpiko sailkapeneko lehen hirurendako - Aimar Ieregi sakandarra, Irati Laseka eta Ibai Ros - trofeoa izan zen. Xakelari sakandarrei dagokionez, Koldo Flores izan zen onena (sailkapen orokorrean bederatzigarrena), Manex Insausti bigarrena (sailkapen orokorrean hamaikagarrena) eta Aimar Ieregi hirugarrena (sailkapen orokorrean hamabigarrena). Aldi berean, 14 urtez azpiko sailkapenean lehen sakandarra Aimar Ieregi bera izan zen.