Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Abenduaren 20an, igandean, Nafarroako Mendigoizaleen Eguna hartuko du Aralarrek, Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak deituta. Aurten, festaren 44. edizioa izanen da eta oraingoan antolakuntzaz Amaia mendi taldea arduratuko da. Ohikoa denez, Nafarroako mendi klub guztietako mendizaleek lepo jarriko dute Aralarko santutegia. Asko Uharte Arakilgo bidetik joanen dira, beste batzuk Lizarrustitik, Madotzetik joango direnak ere izanen dira, Lekunberri aldetik... eta abar. Sakanako Mendizaleak taldeak 8:30ean jarri du hitzordua Lakuntzatik abiatzeko. Meza 11:30ean eta auzateaEgunari 11:30ean emango zaio hasiera mendizaleen mezarekin. Nahi duten mendizaleek euren mendi materiala aldarean jartzeko aukera izanen dute, Aralarko kaperau Mikel Gartziandia apaizak bedeinka dezan, eta mendizaleek eskaintza eginen diote santutegiko Mikel aingeruari. Jakina, Aralarko Mikel Goiaingeruari musu emateko aukera izango da. Mezaren ostean, Aralarrera hurbildutakoek bapo gosaltzeko aukera izanen dute. Giro paregabea izaten da egun horretan, eta Aralarreko santutegira igotzea merezi du. Aipatzekoa da 12:30ean igandeetako ohiko meza elizkizuna izanen dela ere Aralarren, eta jakina denez Aralarko santutegiko taberna eta jatetxea zabalik egongo da. Bezperan Nafarroako mendizaletasunaren galaLarunbatean, hilaren 19an, 19:00etan, Nafarroako mendizaletasunaren gala antolatu du federazioak Mendillorriko Civivoxen. Tartean, Nafarroako Mendi Lasterketen Kopako sariak eta Mendi Martxen Zirkuituko sariak emanen dira, Nafarroako Eskalada Txapelketako eta Nafarroako Kirol Jolasen orientazio probako sariekin batera. Jakina, saritu sakandarrak ez dira faltako. Bestalde, 2009ko kirolari onenak, Mikel Zabalzak "Estrellas y borrascas" izeneko ikusentzunezkoa aurkeztuko du.