Ezker abertzaleak besterik ez du onartu NaBai-ren proposamena

Guaixe 2009ko abenduaren 22a

Aurreko astean Altsasuko NaBai-k udaleko alderdi guztiei proposatu zien "udalean ordezkaritza duten talde guztiei, boto kopuruaren arabera, udaleko gobernu batzordean tokia egitea". Horrekin batera, NaBai-k jakinarazi zuen, "lanerako prest daudenei, batzordeetako buru izatea" eskaini zien. Ezker Abertzaleak besterik ez du bere egin eskaintza. Ezker BatuaAltsasuko EB-ren batzarrak aurreratu du udaleko gobernu batzordea eta Gizarte Zerbitzuetako Batzordeko presidentzia utzi ditu. EB-k azaldu du "terrorismoa kondenatzen ez dutenekin erakunde ardurak ez banatzeko erabaki irmoa hartua" duela. Ezkerreko koalizioaren ustez, "erakundeen erabateko koherentzia izan behar dute demokraziaren defentsan eta bortizkeria errefusatzen". EB-rendako NaBai-k hartutako erabakia "akats larria" da, "ETA-ren bortizkeria errefusatzen ez dutenen beharrezko isolatze politikoarekin erabateko konpromisoa hartzeko prest ez dagoela adierazten du" horrela NaBai-k. EB-k "udalean herriaren alde lanean jarraitzeko prest" azaldu da.PSNAltsasuko Alderdi Sozialistatik jakinarazi digute ez dutela alkatetzaren proposamena onartuko. Alde batetik, sozialistek uste dute udal paktua hautsi zuten arrazoiak bere horretan mantentzen direla. Bestetik, Alderdi Sozialistatik adierazi dute "ETA-ren bortizkeria argi eta garbi kondenatzen ez dutenekin" ez direla inon egonen.    UPNAlderdi erregionalistak azaldu du ez dela inon egonen "askatasunak eta giza eskubideak defendatzen ez dituztenekin, ezta terrorismoa kondenatzen ez dutenengandik gero eta gertuago daudenekin ere". UPN-k adierazi duenez, "alkateak, eta NaBai-k, orain ANV-k dituen botoak eraman nahi ditu. Aldi berean, gainontzeko alderdiei keinuak egiten dizkigu bere proiektuak aurrera ateratzeko". UPN-ren ustez "demokraten eta terrorismoa salatzen ez dutenen artean ez dago distantziakidetasunik". Erregionalistek salatu dutenez, "NaBai-k orain gainontzeko alderdiei eskua luzatzen die soilik alkatetzako aulkia mantentzeko". Aldi berean, UPN "lanean jarraitzeko prest" azaldu da.Ezker abertzaleaAstelehenean jakinarazi zuten hautetsi independentistek "gobernu batzordera sartzeko eta pare bat batzorderen lehendakaritza hartzeko prest" daudela. Gaineratu zutenez, "fiskalizazio, kritika eta salaketa lanari eutsi eta proposamenak eta alternatibak proposatzen" jarraituko dutela. Hautetsi independentistek IU-k, PSN-k eta UPN-k alkatetzaren proposamenari emandako erantzunaren "atzean haien lan egiteko borondate falta eta alferkeria ezkutatzen dira". Bestalde, ezker abertzaletik adierazi zuten "egungo egoera NaBai-k eta PSN-k sinatutako paktu baztertzailearen porrotaren ondorioa" dela. Gaineratu zutenez, "paktuak berak zein bere kudeaketak pasa den legegintzaldiaren herentziarekin bat egin dute eta ondorioz egoera larria eta alarmagarria ekarri diote Altsasuko Udalari". Hautetsi independentisten ustez "planifikazio, aurreikuspen eta seriotasun ezak Altsasuko Udalak bizi duen kiebra egoera ekarri du". Egoera heldu den urtean ez dela amaituko aurreratu zuten, "urte gogorra eta murrizketez osatutakoa" izanen dela ziurtatu zuten. Ezker abertzalearen ustez, "egoera lehertzear dago" eta "alkatetzak behartuta ikusi du bere burua udal jarduera talde guztiei irekitzeko". Beti horren alde egin dutela gogora ekarri zuen.