Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostiralean ezker abertzaleko hainbat udal ordezkarik prentsaurrekoa eman zuten, Fran Balda Arbizuko zinegotzia tartean zela. Hautetsi independentistek salatu zutenez, Nafarroako Gobernuaren 2010eko aurrekontuak udalen "baliabideak are gehiago murriztu nahi dituzte, eta horrela, udaletxeek politika soziala garatzeko dituzten aukerak erabat baldintzatu". Gaineratu zutenez, "politika sozial hori ezinbestekoa da krisi egoerari zein haren ondorioei aurre egiteko". Hautetsi independentisten ustez, "udal finantzazioa gutxietsitako alorra bihurtu da krisi-aurrekontu hauetan". Eragina, besteak beste, honako arlo hauetan izanen zuela azaldu zuten: 0-3 urteko eskolatzea, landa garapena, toki erakundeetako kirol azpiegiturak, adinduak, musika eskolak edota euskara. Eta azaldu zuten iazkoarekin alderatuta %1,1eko igoera besterik ez du izan (247.525.283 euro guztira). ProposamenaEzker abertzaleko kideek esan zutenez, "orain inoiz baino beharrezkoagoak ditugu autonomia eta krisiari aurre egin ahal izateko baliabideak, errealitateari erantzungo dion politika sozial batetik abiatuta". Horregatik eskatu zuten udal finantzazio eredua aldatzea "udaletxeei gaitasun ekonomiko handiagoa eta euren politika eta inbertsioen gaineko erabakitze ahalmen handiagoa" emateko. Gobernuak jasotakoaren %25 "gutxienez toki erakundeetara bideratzea" proposatu zuten, baita, "udalen mesedetan Nafarroako Gobernuaren eskuduntzak deszentralizatzea" ere.