Haizeak utzi zuena

Guaixe 2009ko abenduaren 22a

Hotzaren eta elurraren ondoren, astelehenean haizea iritsi zen. Eta arazo ugari sortu zituen Sakanan. Etxean gelditzeko moduko eguna izan zen, nahiz eta argindarra faltak askori gosaria edo bazkaria egitea, berogailua piztea edota igogailua erabiltzea eragotzi. Kalera atera eta garraio publikoa erabiltzeko ere, goizean batez ere, komeriak izan ziren. ArakilEtxarrenen gauean eta goizean argindarra joan-etorri ibili zen. Bestalde, gasolindegia eta herria lotzen dituen errepidean goizean autoek arazoak izan zituzten bidean haizeak pilatu zuen elur guztiagatik. Haizeak farola bat bota zuen. Egiarretan gauez joan zen argia. Ihabarren, berriz, goizean argia joan-etorrian ibili zen, baina berehala bueltatu zen. Telefonoa tarteka mozten zen, eta haizeak zenbait gauza mugitu zituen.Uharte Arakilen 7:15etik 13:00etara ez zen argindarrik egon. Lantegiak geldi egon ziren bitarte horretan. Asteburu guztiko hotza bildua zegoen ikastetxe publikoan eta argindarrik ez zegoenez berogailurik ere ez. Haurrak klaserik gabe gelditu ziren. Lakuntza argindarrik gabe 12:30era arte egon zen Lakuntza. Hainbat lantegitatik langileak etxera bidali zituzten. Mediku kontsultarik ez zen izan. Dorraon argindarrik gabe eman zuten egun guztia eta 23:30ean bueltatu zen. Unanun eta Lizarragan, berriz, eguerdia pasatxo zenean bueltatu zen argindarra. Arbizun 13:00etaraino argirik gabe egon zen herria. Lantegietatik langileak etxera joan ziren. Udaletxea, esaterako, 12:00etan itxi zuten. Suhiltzaileek 9:00ak aldera industrialdera joan ziren errepidera erori ziren txapa batzuk kentzera. Etxarri Aranazko Zugarreta eta Aldapasoro auzoetan 9:00ak aldera bueltatu zen argindarra. Gero argindarra joan-etorrian ibili zen. Bakaikun 15:00ak aldera Santiago plazan dagoen etxe baten ingurua seinaleztatu zuten suhiltzaileek. Nonbait, eraikinak teiladura egoera txarrean du eta teilak erortzen ziren. Iturmendin goizean argindarra joan-etorrian egon zen. Urdiainen 14:30era arte argirik gabe egon zen. Ez zen eskolarik izan.AltsasuUdaltzainek haizetearekin zerikusia zuten 50 dei jaso zituzten. Izan ziren gertakarien artean hauek: bi zuhaitzen erorketa; farolen eta tximinien erorketak; telebista antenen hausketa edota hondakinen edukiontziak autoak kolpatzea. Horretaz gain, Baratzebideko plazako eraikin bateko edergarriak askatu zituen haizeak, eta haiek inor zauritu aurretik plazako zatiak moztu zituzten. Horretaz gain, musika eskolako teilatuko argizulo bateko kristalei eusten zien metalezko xafla luze bat askatu zen, eta suhiltzaileek hura moztu behar izan zuten. Bestalde, Altsasuko Isasia industrialdea argindarrik gabe egon zen 15:00ak arte, Idertzegain kaleko inguruak bezala. Herriko gainontzeko tokietan goizean argindarra joan-etorrian egon zen.  Suhiltzaileek 4:10ean errepidetik atera zen auto bat bidera sartu zuten. 7:23an enpresa bateko ateko zatiak kendu zituzten egoera arriskutsuan zeudelako. Amandrea plaza eta kalera zenbait irteera egin zituzten, telebista antena hautsiengatik eta tximiniak ziurtatzeko. 10:00etan Aldurtia kaleko eraikin batetik zatiak erori ziren, eta suhiltzaileek autoak kendu eta ingurua seinaleztatu zuten. Beheko bentatik baratzetara daraman bidera makal bat erori zen eta hura moztu eta kendu behar izan zuten suhiltzaileek. Olatzagutian gauez argindarra joan zen baina 9:00etara bueltatu zen. Gero joan-etorri ibili zen. Gasolindegi bateko kartela erortzear zegoela eta suhiltzaileak hara joan ziren; ezer gutxi egiteko aukera zutenez, arriskuaren berri emanez seinaleak jarri zituzten. Ziordian argindarra gauez joan eta 9:00etarako bueltatu zen, ondoren joan-etorri batzuk izan bazituen ere. Haizearen indarrak zenbait tximini kaltetu zituen. Errepideak Haizeak mugitutako elurra errepideetan pilatzen zen, eta elurra kentzeko makinen lana alferrikakoa bihurtu zuen. Gainera, elurrak azpian zegoen izotza estali zuen. Horrek errepideetan makina bat arazo sortu zituen. Sakanako autobidean hainbat autok ezbeharrak izan zituzten Uharte Arakil parean, Arbizu eta Etxarri Aranatz artean batez ere. Suhiltzaileek, esaterako, bidetik atera eta maldan behera erortzear zegoen furgoneta bat erreskatatu behar izan zuten Etxarrin. Iparraldeko autobian komeria handiak izan ziren. Haizeteak eraginda autobia itxi behar izan zuten Araban. 6:45etik 9:30era arte autobia itxita egon zen. Madrilgo norakoa zabaldu bazen ere, haizeak berriro autobia itxiarazi zuen eta hala jarraitu zuen 14:00etaraino. Autobidea Ziordia parean itxi egin zuten, eta Guardia Civilak gidariei beste ibilbide batzuk jakinarazi zizkien. Arabako Lautadan edo Gasteizen lan egin zuten sakandar askok orduak eman zituzten errepidean, haiek mugitu zirenean bidea itxita zegoela zioen inolako oharrik ez baitzuten opatu. Beleixe IrratiaSakanako irrati euskaldunaren  azpiegiturari haizeteak ez dio onik egin eta emisiorik gabe gelditu da. Matxura konpondu bitartean ez da irrati emanaldirik izanen.