Adinekoen aldarrikapenak Nafarroako Parlamentuan

Guaixe 2009ko abenduaren 22a

Abenduaren bian, Nafarroako Egunaren kontura, Nafarroako Parlamentuan adinekoei eskainitako bilkura egin zen. Hartan Nafarroako jubilatu eta pentsiodunen elkarteetako ehun bat pertsonek parte hartu zuten. Bilkuran adinekoek intereseko eskaerak eta hausnarketak plazaratu zituzten. Parte-hartzaileen artean Parlamentuan izan ziren Nafarroako Ipar-mendebaldeko Adinekoen Kontseiluko ordezkariak. Sakanatik Irurtzun, Uharte Arakil, Lakuntza, Altsasu eta Olatzagutiako jubilatuen elkarteetako ordezkariak joan ziren. Guztien izenean Emilio Boulandierrek hartu zuen hitza. Lau eskaeraNafarroako Parlamentura Ipar-mendebaldeko Kontseilutik lau eskaera eraman zituzten. Alde batetik, adinduak zaintzeko zerbitzuak eskatu zituzten. Hala, ez-gaituendako arreta erresidentzietan eta Dependentzia Legea eta bestek zabaldutako bidean sakontzea eskatu zuten. Boulandierrek ere adierazi zuen bizitza normalaren eta adinduendako egoitzen arteko bitarteko pauso egokia etxebizitza lagunduak izan daitezkeela. Horrek pertsonak bere ingurunean bizitzeko aukera emanen lukeela azaldu zuen Emiliok. Horrekin batera, baldintzarik ez duten etxebizitzak espetxe bihurtzea eragotziko litzatekeela esan zuten. Nafarroako Ipar-mendebaldeko Adinekoen Kontseiluko ordezkariak ere osasun eskualde bakoitzean mediku geriatra bat egotea eskatu zuen. Azkenik, Boulandierrek parlamentuan Josefina Arregi klinika ez ixteko akordioa lortzeko eskatu zuen, "egun duen finantza arazoari irteera emateko. Nafarroan dugun onenetakoa da, eta eskualdean dugun bakarra".