Elurrarengatik, partidak atzeratuta

Guaixe 2009ko abenduaren 21a

Elurrak eragin nabarmena izan du futbolean, asteburu honetarako iragarrita zeuden lehia gehienak ezin izan baitira jokatu, futbol zelaiak zurituta eta asko izoztuta baitzeuden. Horrela, preferente mailan Lakuntzako Lagun Artean San Cristobalen kontra etxean jokatzekoa zen partida atzeratu egin zen. Lagun Arteak jarraitzen du lider, 29 punturekin, eta Ardoi bigarrena puntu batera dago. Gabonetako oporrak direla eta hurrengo jardunaldia ilbeltzaren 2an jokatuko da. Larunbatarekin, Leitzan jokatuko du Lagun Arteak, egun 15.a den Aurrera taldearen kontra. Erregional mailan Etxarri Zizurko Ardoi hartzekoa zen, baina partida atzeratu behar izan zen. Etxarrik jarraitzen du lider, 31 punturekin. Iruña da bigarrena, 27 punturekin. Gabonetako oporrak direla eta, hurrengo jardunaldia ilbeltzaren 2an jokatuko da, larunbatarekin. Etxarrik 14.a den Lekunberriko Beti Kozkor hartuko du San Donato zelaian.  Aipatzekoa da Elomendiko futbol txapelketako larunbateko jardunaldia ere bertan behera gelditu zela, elurrarengatik. Hurrengo jardunaldia ilbeltzaren 2an izanen da.