Badaiotzen kontra ezin

Guaixe 2009ko abenduaren 21a

Igandean despeditu zen Euskal  Herriko Lauko Sokatira Txapelketa, Arrigorriagan jokatutako hirugarren eta azken jardunaldiarekin. Sakana taldeko neskak emakumezkoen 255 kiloko pisuan lehiatu ziren; hain zuzen ere aurtengo txapelketan lau kideez osatutako bi talde aurkeztu ditu Sakanak, Sakana A eta Sakana B. Beste zortzi talderen kontra aritu dira lehian, bi multzotan banatuta. Sakanako neskek lan ona egin dute baina ezin izan dute Gasteizko Badaiotz taldeko nesken kontra ezer egin. Iazko txapelketa irabazi eta gero aurten ere erakustaldi bikaina eman dute arabarrek, izan ere bi talde aurkeztu ditu Badaiotzek eta bi talde hauek izan dira garaileak: Badaiotz A-k jantzi du txapela (6 puntu) eta Badaiotz B izan da bigarrena, puntu bat gutxiagorekin. Hirugarren postuan Amaiur sailkatu da (4 puntu) eta laugarrenean Sakana A (3 puntu). Sakana B taldekoak seigarrenak izan dira, puntu batekin. Hortaz, lan txukuna eginda bukatu dute txapelketa Sakanako neskek.