Sakandarrak Nafarroako mendizaletasunaren galan sarituak

Guaixe 2009ko abenduaren 21a

Larunbatean Nafarroako mendizaletasunaren gala antolatu zuen Nafarroako Mendi Federazioak Mendillorriko Civivoxen. Tartean, Nafarroako Mendi Lasterketen Kopako sariak banatu ziren. Gizonezkoen senior mailan Jose Luis Beraza eta Angel Arrieta uhartearrek 2. eta 3. saria jaso zuten, gizonezkoen lehen beteranoa Ander Unzurrunzaga etxarriarra izan zen eta hirugarrena Jose Antonio Salgado altsasuarra, eta emakumezkoen lehen beteranoa Jone Pelaez. Eta mendi lasterketak antolatzeagatik ere oroigarria jaso zuten Lakuntzako Zabalarte klubak, Olaztiko Sutegik eta Etxarriko Udaberrik. Mendi Lasterketen Kopako probetatik gutxienez lautan parte hartutakoek ere oroigarria jaso zuten. Tartean Arrieta Lujanbio anaia uhartearrak, Jose Luis Beraza, Fermin Gabirondo eta Unzurrunzaga zeuden. Nafarroako Mendi Martxen Zirkuituko probetan - tartean Altsasuko Hiru Mendizerrak eta Iratxoko Sakanako Ibilaldi Handia - aritu ziren parte-hartzaileak ere sarituak izan ziren. Martxen zirkuituak zituen 8 probetatik gutxienez 4tan aritu ziren 30 mendizaleek diploma eta Kukuxumuxuk diseinatutako kantinplora jaso zuten - tartean zeuden Ramon Dorronsoro eta Imanol Miranda - , probak antolatu zituzten klubak bezala (Altsasuko Mendigoizaleak eta Irurtzungo Iratxo).