Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Elurrari aurre eginez, Nafarroako mendizaleak Aralarrera igo ziren, Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatutako 44. Mendigoizaleen Egunean elkarrekin bildu eta aurtengo denboraldia despeditzeko asmoarekin. Lekunberri eta santutegia bitarteko errepidea igande goizean garbitu zuten makinek - Uharteko pista guztiz itxita zegoen, elurrez estalia - eta horrela, jendea ibilgailuz ere poliki gerturatu zen santutegira. 8 autobus eta 40 autotik gora konta zitezkeen parkingean. Mendizale gehienak Uharte Arakildik igo ziren, baina beste hainbat Lakuntzatik edo beste bideetatik jo zuten santutegira. Uhartetik ere oinez igo zena Aralarko kaperau Mikel Gartziandia, 11:30ean hasi zen mendigoizaleen meza gidatu zuena. Gartziandiak mendizaleen materiala bedeinkatu eta aurten festaren antolatzailea zen Amaia klubaren eskutik oparia jaso zuen: Mikel Goiaingerua erakusgai egoten den mahaia estaltzeko zapi ederra. Mezaren ondoren auzate ederraz gozatzeko aukera izan zuten mendizaleek Aralarko ostatu zaharrean. Ardoa, gazta, txorizoa eta beste ez ziren falta izan, eta aspalditik elkar ikusi gabeko mendizaleen arteko agurren eta besarkaden txanda heldu zen orduan. Kantuetarako tartea ere izan zen. Aralarko tabernan ere ohikoak ziren salda beroa, kafea eta pintxoak. Elurra bai baina eguzkia lagun, primerako eguna izan zuten.