Rural Kutxak ilusioarekin aritzea du helburu

Guaixe 2009ko abenduaren 22a

Burunda Txirrindularitza Taldeko Rural Kutxa afizionatuen taldetik sortu da profesionaletara salto egin duen talde sakandarra: maila kontinentalean ariko den Rural Kutxa taldea. Taldea Arbizuko Olatzea hotelean egon da kontzentratuta 2010eko denboraldia planifikatzeko, arropa eta txirrindulak behar bezala prestatzeko, mediku kontrolak egiteko eta taldekideak elkarren artean ezagutzeko asmoz. Taldearen berri Rural Kutxa kontinentaleko zuzendari Iñaki Juanikorenak - Eugenio Goikoetxearekin batera zuzenduko du taldea - , txirrindularitza taldeko presidente Floren Eskisabel altsasuarrak eta Rural Kutxa enpresak taldearendako duen ordezkari Ricardo Goñi izan ziren. Goñik proiektua gutxienez hiru denboraldietan finantzatzeko borondatea erakutsi zuen. Juan Manuel Hernandez izango da managerra eta mekanikoak eta langileen staffa Rural Kutxa afizionatuen taldearekin konpartituko dute. Taldeak 800.000 euroko aurrekontua izanen du.Floren Eskisabelek adierazi zuen maila kontinentalean ibiliko den talde gaztea sortzea izan dela euren asmoa, txirrindularien ilusioarekin kontatuta eurekin kirol prestakuntza eta prestakuntza humanoa egiteko. Txirrindularitzak dituen baloreak transmititu nahi dituztela gaineratu zuen altsasuarrak "sakrifizio izpiritua, talde lana, esfortzua, kiroltasuna, umiltasuna eta kirol etika. Hori lortzeaz gain garaipenen bat heltzen bada, ongi etorria izan dadila" gaineratu zuen. Talde plataformaJuanikorena zuzendariak azpimarratu zuenez, taldea sortzeko filosofia "gaztetasuna, ilusioa eta proiekzioa" izan da. Horregatik 15 txirrindulariak hautatzea zaila  izan dela gaineratu zuen, eskaera zabala izan baitute. "Txirrindulariak PRO Tour taldeetara pasatzeko talde plataforma da gurea, eurek ofizioa ongi ikas dezaten" nabarmendu zuen Juanikorenak, eta Caisse d´Epargneren talde filiala direla ukatu zuen. "Inguruko taldeekin kolaborazioak ditugu baina ez gara inoren filialak. Ongi eramaten gara guztiekin, ilusioarekin aritzeko eta aurrera egiteko asmoz" gaineratu zuen. Nahiz eta taldea ateratzea gogorra izan, Rural Kutxa banketxeari esker gauzak ongi egiten ari direla azaldu zuen zuzendariak, epez ongi planifikatuta, garaiz. Txirrindulariei hilero analitika kontrol zorrotzak eginen zaizkiela adierazi zuen, "ez dugulako sustorik nahi". Egutegiari dagokionez, Espainiako Txirrindularitza Federazioak zehazten duen probetan ariko direla azaldu zuten, aurki jakinen dutena. Eta Frantzian eta Portugalen aritzea ere espero dute. Mallorcan aritzea zail ikusten dute, baina Andaluzian, Almerian eta Murtzian egotea espero dute, Frantziako hiru probatan - Tourangelle, Loire Atlantique eta Normandiako Tourra - eta honako hauetan ziur egongo direla: Lizarra, Zornotza, Laudio, Gaztela Leon, Asturias, Naranco, Paredes, Circuito Montañes eta Madril eta Burgoseko Itzuliak. 15 gazteRural Kutxa talde kontinentalaren aurkezpen ofiziala ilbeltzaren bukaeran izango da. 15 txirrindulari ariko dira taldean, soilik nafar bat, Guillermo Lana. Guztiak gazte-gazteak dira, 25 urtez azpikoak, 27 urte dituen Aketza Peña izan ezik. "Euskaltelekin ibili zen, eta bere esperientzia ongi etorriko zaie besteei, asko erakutsiko die" esan zuen Juanikorenak. Beste taldetatik etorri direnak: Jose Herrada, Oleg Chuzdha eta Ruben Reig (Contentpolis-Ampo), Aketza Peña (Cartaxo), Arturo Mora eta Higinio Hernandez (El Soplao), Egoitz Garcia eta David De la Cruz (ECP), Kwiatkowski poloniarra eta Victor Rodrigues portugaldarra (Liberty); eta Rural Kutxatik igo direnak: Fabricio Ferrari, Garikoitz Bravo, Ruben Garcia, Ruben Martinez eta aipatutako Guillermo Lana.