Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzun 18:30ean iritsiko da ikazkina Irurtzungo Plazaolako zubira. Iskidiko pertsonaia mitologikoek Olentzero azkeneko jentila zela gogoratuko dute, antzezlan txiki baten bidez ikazkinaren istorioa azalduz. Segidan, Iskidiko joaldunei jarraiki, herrian sartuko da Olentzero, Orritz dantza taldekoak alboan dituela harrera egiteko prest. Iratxo elkartearen atean gutunak irakurri, eta kalejiran zeharkatuko dute herria. Gaita, txistu, trikitixa eta akordeoi doinu alaiak eta abesbatzako ahots goxoak lagun izanen dituzte bidean. Herrian barna geldialdiak egin eta Orritz taldeko txikitxoak dantzatuko dute. Herrian barna nahiko abestu eta dantzatu ondoren, plazan agurtuko dute Olentzero, dantza eskolako haurren dantzaldiarekin. Olentzerok gozokiak eta gaztaina erreak banatuko ditu. EtxeberriAurreko larunbatean etorri zen ikazkina Arakilgo herrira. Urtero bezala arratsaldeko 18:30ak aldera Bi ahizpetatik jaitsi eta herrian ongi etorria egin zioten arakildarrek. Aurreko asteburuko elurtea eta izotza dela eta jende gutxiago bildu bazen ere, 40 bat neska mutikok eskutitza eskura eman ahal izan zioten Olentzerori. Elkartean mokadutxoa hartu eta gero, mendirako bidea hartu zuen ikazkinak. EtxarrenUrritzola aldetik etorritako ikazkinari 16:30ean eginen diote harrera Etxarrenen. Olentzero agurtu eta gero, musika lagun herrian barna ibiliko dira ikazkina eta etxarrendarrak. Ibilbidea pilotalekuan despedituko dute. Han Olentzerok bere opari zakua zabaldu eta barrukoa etxarrendarren artean banatuko du. Txikienendako ere txokolatea ez da faltako. Helduenak ere ahora zer eraman izanen dute. Satrustegi eta HiriberriEguzkiaren azken izpiekin batera iritsiko da Olentzero Satrustegira, 18:00ak aldera. Bertan, satrustegiarrak ez ezik, hiriberritarrak ere zain izanen ditu, eta txokolate bero-beroa hartuko dute denek. Ondoren, doinu alaien erritmoan, guztiek Hiriberrirako bidea hartuko dute Olentzeroren gurdiaren atzetik. Hiriberriko kaleetatik Txitera elkarterako bidea hartu, eta bertan indarrak bapo berreskuratu eta gero, hurrengo urtera arte agurtuko dute ikazkina.IhabarOlentzero iritsi aurretik, arratsaldeko 16:00etan txokolatea banatuko dute Ihabarren eta indarrak hartu ondoren, arratsaldeko18:30ak aldera harrera beroa egingo diote herriko plazan. Aurtengoan, trikitixaren doinuekin ihabardarrek herriari buelta eman eta plazan bukatuko dute ibilbidea. Ikazkinak beregana hurbiltzen direnei opariak emanen dizkie. Egiteko hori bukatu eta gero Andiako bidean jarriko da ikazkina. Ihabarko herritarrak, berriz, kontzejuko sotoan bilduko dira gaztainak eta sagardoa dastatzera.IrañetaAndiako bargako txondor plaza utzi eta iluntzean, 18:30 aldera, Irañetara iritsiko da ikazkina. Olentzerori herri sarreran eginen diote harrera eta irintarren kantuak lagun herrian barna ibiliko dira. Pilotaleku parean geldituko da segizioa eta han Olentzerok gurdian daramatzan opariak txiki eta handiei emanen dizkie. Bere egitekoa egin eta gero Ikazkinak Andia mendiko bidea hartuko du atzera ere. Irintarrak opariez gozatzeaz gain jatekoa izanen dute. Uharte ArakilGoizean, herriko haur guztiak bilduta, etxez-etxe paskuan amores eskean ibiliko dira. Jasotakoaren trukean gabon kantak abestuko dituzte haurrek. Arratsaldeko 18:00ak aldera Itxesiatik barna herrira jaitsiko da Olentzero. Harrera beroa eginen diote herritarrek eta jarraian, musikak alaituta eta joaldunen eta trikitilarien laguntzarekin, buelta emanen diote herriari. Pilotalekuan bukatuko dute ibilbidea eta aurten ekitalditxoa antolatu dute. Lehenik eta behin musikaz lagundutako argazki proiekzioa eskainiko da, eta txalaparta doinuen ondoren Olentzero sartuko da pilotalekuan, joaldunak lagunduta. Dantzariek aurreskua eta dantzak eskainiko dizkiote ikazkinari. Bertan, prest izanen dute konpota gozoa. Haurrek akaso nahiago izanen dute ilaran jarri, Olentzerori musu handi bat ematea eta gozokiak jasotzea. Festa ederra izanen da.ArruazuItur-gain elkarteko kideak arratsaldeko 6:00ak aldera elkartuko dira Olentzeroren etorrera prestatzeko. Menditik jaitsi eta gero 19:30ean ubeldetik azalduko da Olentzero. Ondoren, oinez kantaka herrian barna ibiliko dira arruazuarrak eta gaixo daudenei opari bana emanen zaie. Itur-gain elkartean bukatuko dute ibilaldia eta ikazkinak opariak banatuko dizkie haurrei. Bertaratzen direnendako gaztaina erreak banatuko dituzte.LakuntzaGoizean Biltoki elkartea apainduko da, Olentzerori ongi etorri egiteko. Arratsaldean, 18:00-18:30 aldera etortzen da Olentzero ibai aldetik, baina harrera Ludotekan egiten zaio, gaiteroen doinuekin. Elai-Alaiko dantzari, akordeoilari eta fanfarrearekin herriari kalejiran buelta eman, eta geldialdiak eginen dituzte, dantzak eskaintzeko. Bitartean Olentzerok goxokiak banatuko ditu eta haurrekin argazkiak eginen ditu. Plaza parean Lakuntzako abesbatzak ere kantatuko dio ikazkinari. Ibilbidea Biltokin amaitzen da. Bertan, gaztainak eta txokolatea banatuko dituzte eta Olentzerok haurrei bere istorioa kontatu eta gero opariak banatuko ditu.Arbizu19.00ak aldera arbizuarrak plazan bilduko dira eta musika lagun Loinaz kalerantz joko dute. Izan ere, Olentzerok Aralar aldetik jaitsi eta trenbidea gurutzatu ondoren Arbizura iristeko ohitura du. Hura agurtu ondoren, musika lagun Arbizun barna ibiliko dira ikazkina eta hura laguntzera doazen herritarrak. Bidean gaztainak dastatzeko aukera ere izanen da. Ibilbidea Argi-bidea elkartean bukatuko da. Han Olentzerok txikienei opariak banatuko dizkie.Unanu eta DorraoAndiatik, Leziza aldetik, San Pedroko bidean barna etorriko da ikazkina Dorraora, 18:00ak aldera izanen da. Dorrobarrek harrera beroa eginen diote eta musika eta kantua lagun herria erakutsiko diote. Ibilbidea elkartean despedituko da. Bildutako guztiendako mokaduren bat izanen da. Baina Olentzerok ezin izanen du luze egon Unanun zain dutelako. Gurdia hartu eta 19:00etarako Unanun izanen da ikazkina. Herrian barna kalejiran ariko dira ikazkinak eta unanuarrak kantua ahoan dutela. Ibilbidea elkartean despedituko dute. Bai batean zein bestean ikazkinak txikienen artean goxokiak banatuko ditu. LizarragaLizarragatarrek arratsaldeko 18:00ak aldera eginen diote harrera Olentzerori, eliza atean. Azi-Iturri elkartean ordurako prest edukiko dute ikazkinarendako gurdia. Gauerako indarrak berreskura ditzan, su bero-berorik ez zaio faltako. Trikitixa doinuz lagunduta, herriari buelta emanen diote lizarragatarrek ikazkinaren atzetik. Ohi bezala, gabon kanten artean, etxez etxe eskean ibiliko dira. Behin ibilbidea amaituta, atzera ere, Azi-iturri elkartera itzuliko dira. Bidean Olentzerok botatako gozokiak hartu ez dituenak zer jan ugari izanen du elkartean.Etxarri AranatzGoizean goiz hasiko dute eguna Etxarriko haurrek, pazkoan amores eskean. Arratsaldean, 17:00etan, Aldapasoro auzoko azken muturrean txokolatada izanen dute. Txokolate bero-beroa eskuartean dutela, basora begira egonen dira haurrak, Olentzeroren zain. Aritzalkoko zuhaitzen artetik 17:30 aldera agertuko da Olentzero, bere laguntzaileekin. Herritarren ahotsek trikitilari eta txistulariekin bat eginda, ikazkinari harrera egin, eta herrirako bidea hartuko dute. Herriari buelta eman ondoren, pilotalekuan sartuko da Olentzeroren gurdia. Bertan ikazkinarekin egoteko aukera izanen dute txikienek. Denendako oparitxoren bat izanen da.BakaikuIkus 11 galdera. IturmendiMenditik jaitsi berri, Bakaiku aldetik sartuko da Olentzero Iturmendin. 18:30 aldera iritsiko da eta sorpresaren bat edo beste ekarriko du. Txistulariekin batera herrian barna kantuan ibiliko dira iturmendiarrak. Txikienek Olentzeroren gozokiak hartzeko aukera ez dute galduko. Herriari buelta eman eta gero, pilotalekuan bilduko dira herritarrak. Bertan, intxaurrak eta ardo egosia izanen du nahi duen orok. Olentzero agurtu aurretik, Biltokiko zarea zozketatuko dute.UrdiainOlentzero aurten lehenago iritsiko da herrira. 17:30ean ongi etorri beroa eginen diote Bentalden suziri eta guzti. Herriko txistulariek lagunduta herrian barna ibiliko dira urdiaindarrak. Ohiko geldialdiak eginen dituzte eta haietan ikazkinari kantak eskainiko dizkiote. Aurten ere dantzaldi bikoitza eskainiko dute dantzari urdiaindarrek. Herriko plazan dantzari txikien txanda izanen da eta, Goienkalden aldiz, herriko gazteek egun honetarako espresuki entseatu duten dantzaldi bikoitza mustuko dute. Eliz atarira iritsita, jaiotzan Olentzerorekin, Ama Birjina, San Jose eta Jesus haurtxoa elkartuko dira. Ardo egosia dastatzeko aukera izanen dute bertaratu guztiek.AltsasuAurten aldaketa izanen da Olentzeroren ospakizunean eta Olentzeroren zain egon beharrean, Olentzeroren bila joko dute altsasuarrek. 17:00etan aterako dira Foruen Plazatik eta San Pedrobiderantz joko dute, Olentzero soro artetik nola azaltzen den ikusi eta ikazkinari lehenengo harrera beroa egiteko. Ondoren herriari buelta emanen dio Olentzerok, 4-8 momotxorro alboan dituela eta txistulariak, fanfarrea, Etorkizuna eskolako dantzariak, abesbatza eta musika eskolako musikariak lagun dituela. Hiru geldialdi eginen dituzte, Zumalakarregi plazan, San Juan kalean eta Alde Zaharrean. Ohikoa denez ibilbidean zehar gazta, txorizoa, ardo egosia eta gaztainak banatuko dira. Berrikuntza moduan aurten eskenatokia jarriko da Foruen Plazan, eta Olentzerok haurren eskutitzak jasoko ditu bertan. Trikitilarien eta Enrike Zelaia akordeoilariaren doinuek girotuko dute festa, eta dantzariak gustura ariko dira dantzan, ikazkina hurrengo urtera arte despedituz. OlaztiArratsaldeko 18:30ean iritsiko da Olentzero Olaztira Aldoiartik. Txistulariekin batera, kantuan, herriko karrikak zeharkatuko ditu kalejiran. Gozoki ugari banatuko ditu ikazkinak bidean. Pilotalekuan bukatuko da ibilbidea. Bertan gaztaina erreak eta ardo egosia banatuko dituzte olaztiar guztiendako.Ziordia19:00etara espero dute ikazkin tripa-handia Ziordian. Altzania menditik jaitsi berri dela harrera eginen diote ziordiarrek Olentzerori. Musika lagun dutela haur eta helduak herrian barnako ibilbidea eginen dute. Gaztetxean Olentzerorekin egoteko parada izanen dute ziordiarrek, txikienek batez ere. Ikazkinak berak, ziordiarren modura, salda beroa eta gaztainak dastatzeko aukera izanen du, joan eta gero. Ziordia Bizirik plataformak antolatu du ikazkinaren harrera. Olentzero etorri aurretik, goizean, herriko txiki eta gazteak etxez etxe kantuan ariko dira.