Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udalean ordezkaritza duten gainontzeko alderdien erantzuna ezagutu ondoren, Altsasuko NaBai-k atzo jakitera eman zuen ezker abertzaleko kideei udal ardurak emanen dizkiela. Beraz, Udaleko Gobernu Batzordea NaBai-ko lau zinegotziek eta Juanjo Goikoetxeak osatuko dute. Batzordeei dagokienez hautetsi independentistek bi batzorderen presidente izanen dira. Raul Barrena Gazteria Batzordearen ardura izanen du; eta Arantza Bengoetxeak, berriz, Emakumearen Batzordea. Gainontzeko batzordeak NaBai-ko kideen esku geldituko dira: Antolakuntza eta Giza Baliabideak, Unai Hualde; Ogasuna eta Aurrekontuak, Mari Carmen Otaegi; Osasuna eta Gizarte Ongizatea Carmen Otaegi; Kirolak, Iñaki Miguel; Hezkuntza eta Kultura, Iñaki Miguel; Mendiak eta Ingurumena, Pedro Mari Zabalo; Ekonomia Garapena, Merkataritza eta Turismoa, Pedro Mari Zabalo; Hirigintza, Lanak eta Zerbitzuak, Pedro Mari Zabalo. Bestalde, Iñaki Miguel Musika Eskolako Patronatuko presidentea izanen da. Aita Barandiaran egotzako patronatuko presidentea Mari Carmen Otaegi izanen da. Atzokoan Altsasuko NaBai-k berretsi zuen "eskaintza indarrean" dagoela "nahi duen taldea sartu daitekeela". ErantzunaNaBai-k bere proposamenari ezezkoa eman dioten alderdiei gogorarazi dei "herria plurala" dela eta "gaizki gabiltza elkar ulertu eta lan egiteko gai ez bagara". Koalizioko kideek esan zuten "zoritxarrez beste behin ikusi dugu batez ere UPN-ren eta PSN-ren konpromiso eta lanerako gogo falta". NaBai-k argudiatu zuenez, "bakoitzak ardi ditugu terrorismoari eta edozein bortizkeriaren aurrean jarrera politiko eta etikoak. Udaleko gehiengoak beti kondenatu eta errefusatu dugu. Hala egin dugu beti guk. Baina gauza bat hori da eta bestea udalaren eguneroko kudeaketa". UPN-ren eta PSN-ren argudioak "hipokritatzat" jo zituzten, "terrorismoa salatzen dutenekin ez egotea herri honetan ezinezkoa delako". Koalizioak gogora ekarri zuten aipatu bi alderdiek "proposamenaren bezperan udal enpresa publikoaren administrazio kontseiluan udal talde guztiak egotea onartu zutela eta pleno eta batzordeetan ere parte hartzen dutela". NaBai-k, bestalde, PSN-ri gogorarazi nahi izan zion "Camino Mendiluze alkate zela, Batasunarekin kudeaketa ardurak izan eta gobernu batzordean egon" zela. Koalizioak alderdi sozialistari leporatu zion "ezegonkortasunera jokatzea". Ezker Batuak ere EH-rekin udal ardurak izan zituela gogora ekarri du NaBai-k eta gaineratu du "EB-ren jarrerak harritzen gaitu. Gure ustez herritik kanpo markatutako irizpide politikoengatik da". Koalizioak aitortu zuenez, "Udalak eta Altsasuk egoera ekonomiko zaila bizi dute. Erronka bat da eta guztion konpromiso serioa eskatzen du". NaBai-k, aldi berean, "talde guztiekin hitz egiteko prest" azaldu zen, baita "herriarendako egingarriak eta onak diren mota guztietako akordioetara iristeko eskua luzatzen dugu".