Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Inuxente egunean prentsaren aurrean agertu ziren Nafarroako hedabideetako hainbat ordezkari, Topagunea eta Nafarpress elkarteetan bilduta daudenak. Nafarroako Gobernuak aurten euskararen presentzia hedabideetan sustatzeko dirurik emanen ez duela jakinik, Euskarabideari, Nafarroako Parlamentuari eta Gobernuari eskaera zehatzak egin zizkieten hedabideetako ordezkariek.Euskarabideako zuzendari-kudeatzaile Xabier Azanzak laguntzak banatu ezina "porrot gisa" aurkeztu zuela gogoratu zuten astelehenean. Horren aurrean Nafarroako euskarazko hedabideetako ordezkariek eskatu zioten "kudeatzaile figuraren atzean ez ezkutatzeko, ematen diotena banatzera mugatuz, eta zuzendari gisa jokatu dezala: erabakiak hartuz, proposamenak eginez, behar duena Gobernuari exijituz". Hedabideetako ordezkariek Azanzari "ekimena hartu" eta hiru gai "argitzeko" eskatu zioten. Lehenik, 2010ean diru-laguntza deialdia lehenbailehen argitaratzea. Bigarrenik, "Parlamentuaren eskaerari erantzunez, jar dezala behingoz mahai gainean lege zein ekonomia aldetik zeintzuk bide jorratuko dituen zehazki (akordia, hitzarmenak...) hedabideen egoera egonkortzeko". Azkenik, "Aztertu eta zehatz dezala zein den euskararen erabilera duintasunez eta eraginkortasunez sustatzeko beharrezko gutxieneko diru-kopurua, horren berri eman dezala jendaurrean, eta beharrezko duen hori eska diezaiola Gobernuari eta baita Parlamentuari ere". GehiagoNafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeari ere zuzendu zitzaion ordezkaritza. Izan ere, batzorde horrek "aho batez onartu zuen eskaria egitea gobernuari "euskarazko hedabideen egoera egonkortzeko" hitzarmenak lantzeko, eta eskariaren jarraipena egiteko. Horregatik, komunikabideetako ordezkariek jakinarazi zuten "Parlamentuari ere badagokiola esku hartzea Gobernuak hedabideok jarri gaituen ataka honetatik ateratzeko". Azkenik, Nafarroako Gobernuari beste behin eskatu zioten "aitzakiak alde batera utzita legeak agintzen diona bete eta bere ondarea ere badiren euskarari eta euskal kulturari, zein nafar euskaldunoi merezi dugun errespetua erakuts diezagula". Eta eragile guztiei jakinarazi zieten "prest gaudela egoera hau bere onera ekartzeko behar duten laguntza guztia emateko".Argazkian, ezkerretik hasita: Josetxo Apezetxea (Xorroxin Irratia), Felix Altzelai (Pulunpe aldizkaria / Esan-Erran Irratia), Garbiñe Petritati (Bierrik Fundazioa: Guaixe aldizkaria / Beleixe Irratia), Ion Orzaiz (Nabarreria), Oskar Zapata (Topagunea) eta Joxemanuel Irigoien (Ttipi-Ttapa).