ANGULEMAKO KOMIKI TOPAGUNEA

Guaixe 2009ko abenduaren 31

Urtero Angulema (Angoulême) izaten da Europako komiki topagune garrantzitsuenetakoa. Aurten berehala iritsiko zaigu hara hurbiltzeko aukera, Urtarrilaren 28, 29, 30 eta 31n izanen baita, asteburu osoan zehar.Joan nahi duenarentzat, Angulema Sakanatik 400 kilometrotara (baten bat gehiago ere) kokaturik dago, Bordelerako bidea hartuta. Ehun mila biztanle pasa bizi dira bertan eta hiri industrializatua da, non papergintza eta armagintza (batez ere Frantziako militarrendako) oso garrantzitsuak diren. Ikustekoa da besteren artean bertako katedrala, 1100. urtean hasi eta 1128an bukatutakoa, gaur egun Frantziako monumentu historikoa. Jada ez da lo egiteko tokirik libre egongo egun horietarako baina aukera ona da inguruko beste herri edo hiriren batean ostatu hartzea, ala nola Burdeosen bertan, gero hiria bisitatzeko. Aurten topagunerako sarrerak helduentzat 14 euroko prezioa du, egun bakarreko bisita egiteko, edo 30 eurokoa lau egunendako. Ez pentsa oso garestia denik, benetan.Angulema osoa hankaz gora izanen da komikien topagunea dela-eta asteburu horretan. Berez hiriak badu komikienganako sentsibilitate berezia eta egun hauetan kontzertuek, antzezlanek eta bestelako kultur emanaldiek komikien kutsua izaten dute. Adibidez aurten the Cartoon Concerts ikuskizuna egongo da berriro ere, komikien musika kontzertua. Urteko beste edozein egunetan ere posible da hiri horren kaleetan barrena komiki lan ezberdinak muraletan ikustea.Eta manga komikiek duten arrakasta handia dela eta, aurten ere eraikuntza oso bat manga komikiei zuzenduta egongo da, non manga marrazkigile ezberdinak beren lanak aurkeztuko dituzten. Sinadura bilketa bereziak ere izango dira, mangaka (manga marrazkigileak) ezberdinak gonbidatuta daudelarik.Anguleman egingo den aktibitate berrienetakoa, marrazkigile guztien artean komiki bat osatzea izango da. Bakoitzari orrialde baten ideia emango zaio eta marrazkilari bakoitzak berea sortuko du egun bakarrean. Gero, topagunea bukatuta lan guztien bilduma egingo da, komiki-lan bakarra izango balitz bezala. Seguruenik gero pixka bat txukundu eta inprimatu egingo dutela, jendeari sortutako ideia erosteko aukera emateko.Lehiaketen artean aurten Anim'' ton fauve (katua mugiarazi edo animatu izenekoa). Berez katu bat da topagunearen maskota eta katu hori protagonista hartuta, film labur bat egitera gonbidatzen gaitu lehiaketa honek. Edonork parte hartu dezake bertan. Gehienez bi minutuko animazioa prestatu behar da eta ez da beharrezkoa ez frantsesez egitea ez eta azpitituluak ezartzea.Tertulia, proiekzioak, mahai inguruak, komiki dendak, lehiaketak, erakusketak, sinadura biltzaileak, mozorroak... denetarik egongo da bertan, gaur egun Europan dugun kalitatezko komiki topagune onenetarikoan.Jose Luis AsensioMyaku.fanzine@gmail.com www.fanzinemyaku.blogspot.com