Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko igandean despeditu zen Euskal Herriko Lauko Sokatira Txapelketa, Arrigorriagan jokatutako hirugarren eta azken jardunaldiarekin. Sakana taldeko neskak emakumezkoen 255 kiloko pisuan lehiatu ziren; hain zuzen ere aurtengo txapelketan lau kidez osatutako bi talde aurkeztu ditu Sakanak, Sakana A eta Sakana B. Beste zortzi talderen kontra aritu dira lehian, bi multzotan banatuta. Sakanako neskek lan ona egin zuten baina ezin izan zuten Gasteizko Badaiotz taldeko nesken kontra ezer egin. Iazko txapelketa irabazi eta gero aurten ere erakustaldi bikaina eman zuten arabarrek, izan ere bi talde aurkeztu baitzituen Badaiotzek eta bi talde hauek izan dira garaileak: Badaiotz A-k jantzi zuen txapela (6 puntu) eta Badaiotz B izan zen bigarrena, puntu bat gutxiagorekin. Hirugarren postuan Amaiur sailkatu zen (4 puntu) eta laugarrenean Sakana A (3 puntu). Sakana B taldekoak seigarrenak izan ziren, puntu batekin. Hortaz, lan txukuna eginda bukatu zuten txapelketa Sakanako neskek. Aurki Euskal Herriko Zortziko Txapelketan murgilduko dira.