Bisitetarako trabak espetxeetan

Guaixe 2009ko abenduaren 29a

Etxerat erakundeak jakinarazi duenez, azken asteetan makina bat arazo izaten ari dira presoen senide eta lagunek bisitak egin edo aurrez aurreko bisitetara joateko. Espetxezainek bisitariak erregistratu nahi izan dituzte eta haiek uko egin diote, lagun eta senideek uko egin diote miaketari. Egoera horiek salatzeko espetxeetan protestak egiten hasi dira presoak. Bestalde, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak jakinarazi du ilbeltza hasieran borrokaldi berria abiatuko dutela. Presoek "Euskal Herrian Prozesu Demokratiko indartsu bat ireki eta abiatzeko beharra azpimarratu" dute. Horrekin batera, "guztion bultzadaz, bi estatuon espetxe politika ikuspegi demokratiko soilean oinarritu dadin behartu behar" dela adierazi du kolektiboak. Azkenik, hainbat eragilek bat egin dute Etxerat-ek larunbaterako Bilbon deitu duen manifestazioarekin, "Euskal Presoak Euskal Herrira dagozkien eskubideen jabe" lema duena.