Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urtea despeditzeko modu asko dago, eta jakina, mendizaleek mendira jotzen dute egun seinalatu hauetan. Esaterako gaur, ostegunean, urtearen azken egunean, mendizale mordoa bilduko da Aizkorrin. Altsasuko Mendigoizaleak taldeak eta Olaztiko Sutegik bat egin dute deialdi horrekin eta gaur irteera eginen dute Aizkorrira. Bestalde, Irurtzungo Iratxo elkarteak laugarrenez Ergako igoera antolatu du gaur, abenduaren 31n. Goizeko 9:00etan aterako dira Iratxo elkartetik, eta aurreikusten da goizeko 11:00ak aldera gosalduko dutela Ergako aterpean. Dastatuko duten urdaia eta txistorra Iratxoren kontura izanen dira. Aipatzekoa da ere urteari ongi etorri egiteko ilbeltzaren 1ean mendizale askok joko dutela Aralarko San Migelera. Eta bukatzeko, ilbeltzaren 6an, Errege egunean, Sakanako mendizale guztiek Beriaingo San Donato izango dute bilgune, urtea ongi hasteko.