Urte berri, egun ona

Guaixe 2009ko abenduaren 30a

Urdiaindarrak gauerdia baino lehen bilduko dira herriko apaizaren etxe inguruan. Urte berria iragartzen duen lehen kanpai hotsarekin herriko nesaki eta mutiki gazteak, herriko iturrietara abiatu eta bertatik ur berria hartuko dute berezko pitxarretan. 12. kanpai hotsak jo aurretik herritarrak bilduta dauden tokira itzuli eta elkarrekin Ur goiena, ur barrena kantaita abestuko dute.Ordurako apaizaren etxean bilduta dauden agintariek, atea zabaldu, eta ur berriaren truke opil goxoa emango diete gazteei. Azkenik, opila zein ura, urdiaindar guztien artean banatuko da urte osasuntsua opatuz.Etxarri Aranatzen goizaldeko ordu baterako deialdia egin du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Plazan bildu ondoren herrian barna kantuan ariko dira. Ordu bat geroago beste talde batek ere gauza bera eginen du, urte berri kantua kalez kale abestu. Arruazun gauerdian iturriko ura bildu eta herriko hainbat tokitan banatuko dute, urte berriko abestia kantatzearekin batera. Irañetan, goizaldeko ordu batean dute hitzordua herriko elkartean. Handik etxez etxe ibiliko dira Ur goiena kantuan eta eskean. Jasoko dituzten txistorra, txanpaia eta arraultzekin indarrak berreskuratuko dituzte, atzera ere, elkartean. Bestela, Sakanako gainontzeko herrietan suziriak jaurtiz edo gauean parranda eginez agurtuko dute urte berria. Egongo da mendira igoz urtea despedituko duen sakandarrik ere.