Erregeak Sakanarako bidean

Guaixe 2010eko urtarrilaren 3a

IrurtzunIaz berritu zuten karroza batean etorriko dira aurten erregeak Irurtzunera. Arratsaldeko 18:30ean Akaborro poligonotik abiatuko dira ondorengo ibilbidea egiteko: Gasteizerako errepidetik Bi Ahizpe, Lizarra, Andia, Lizarra, Amaia, San Martin, Bi Ahizpe eta Montikotik elizara joateko. Magoei ongi etorria eginen diete haurrek, haiei zuzendutako gutuna irakurriz. Ondoren txikienek erregeekin egoteko aukera izanen dute eta haien eskuetatik gozokiak jasotzeko aukera izanen dute. Uharte ArakilUrtero bezala, 18:30ak aldera iritsiko da erregeen segizioa Uharte Arakilera. Manuel Goikoetxearen zurgindegitik abiatu eta Geltoki auzoan lehen geldialdia egingo dute erregeek. Geltoki auzotik, Itxesia auzora joan eta herrian barna ibili ondoren elizan bukatuko dute ibilaldia. Elizan Erregeek umea adoratu ondoren herriko neska-mutikoek hiru erregeekin  hitz egiteko aukera izango dute eta gozokiak oparituko dizkiete. Ondoren herriko helduenen etxeetara joan eta banan-banan oparitxo bat emanen diete.LakuntzaAurten ez da erregeen kabalgatarik izango Lakuntzan baina hala ere, arratsaldeko 19:00etan dute hitzordua lakuntzarrek. Ekialdeko magoak elizako estalpean egonen den jaiotzara hurbilduko dira, Jesus haurtxoa gurtzera. Jaiotzan astoa, txahala, ardiak, ahuntza, oiloak eta guzti izanen dituzte zain. Bertan, herriko gazteek antzeztuta garai bateko lanbideen antzezlana ikusteko aukera izango da: zurginak, arotzak, okinak... Kantuak ere protagonismo berezia izanen du. Neska-mutikoek erregeei gabon kantak abestu ondoren parrokiako koruaren txanda helduko da. Horren ondoren Lakuntzako txikiek erregeen eskuetatik opariak jasoko dituzte. ArbizuKabalgata arratsaldeko 18:00ak inguru iritsiko da Arbizuko udaletxe parera. Hau izango da aurten egingo duten ibilbidea: Karrika nagusitik gora, Urkia kalera, Akerruntza kalera, Arnaz kaletik, Iruñeko bideberria gurutzatu eta san Miguel karrikatik Elizara. Bertako adorazioaren ondoren guztiak elizara sartuko dira eta ekialdetik etorritako magoak bildutako guztiei zuzenduko zaizkie. Ebanjelioaren pasarte bat ere irakurriko dute. Azkenik, bukatutakoan haurrak erregeengana hurbildu eta opariak jasoko dituzte. Lizarraga-ErgoienaGoizetik aterako dira Lizarragako haurrak erregeak datozela abisatzera. Faleekin herriari buelta eman ondoren 12:00ean askaritxoa izango dute elkartean.Arratsaldeko 3:30ean kabalgata prestatzeko hitzordua jarrita badute ere, arratsaldeko 18:00etan abiatuko da erregeen segizioa Lizarragatik. Herrian buelta bat egin ondoren, erregeak karroza batean eta herriko neska mutikoak kamioian, Dorraorako bidea hartuko dute. Hemen herrian barna ibili ondoren elkartean meriendatxoa egin eta Unanurako bidea hartuko dute atzera ere. Hirugarren herri honetan plazan jarri dute hitzordua eta hemengoa bukatutakoan, Lizarragarako bidea hartuko dute. Gaueko 21:00etarako amaitzea aurreikusten dute eta ordurako afari goxo-goxoa izango dute prest herriko elkartean.  Hurrengo egunean, erregeak, San Jose, Amabirjina eta haurtxoak presente egongo dira meza nagusian.Etxarri Aranatz Arratsaldeko 19:00etan aterako dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Etxarri Aranazko elizatik. Hiru Erregeak batean eta Jesus haurtxoa, Maria eta Jose bestean, buelta emanen diote herriko alde zaharrari. Herria bisitatu ondoren Kultur Etxera hurbilduko dira han bertan Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeekin hitz egiteko. Erregeek Ekialdetik ekarritako mezua irakurri ondoren haurren artean gozokiak banatuko dituzte. Hiru erregeak, pajeak eta antolakuntzakoak apezaren bajeran bilduko dira merendatzera indarrak berreskuratzeko. Hurrengo egunean, urtarrilaren 6an, hiru erregeak meza nagusian presente egongo dira eta bederatziurrenera doazen umeei opariak banatuko dizkiete. BakaikuEkialdea atzean utzi eta beheko basotik iritsiko dira erregeak Bakaikura. Arratsaldeko 6:30ean dute hitzordua bakaikuarrek eta herriari buelta eman ondoren elizan bukatuko dute ibilaldia. Elizan haurrei opariak banatu ondoren erregeek hitza hartuko dute. Hurrengo eguneko meza nagusian erregeak, Amabirjina, san Jose eta haur jaio berria izango dira.IturmendiArratsaldeko 15:00etan Iturmendiko neska mutikoak faleekin herrian barna ibiliko dira soinua ateratzen eta erregeak datozela abisatzen. Ondoren txokolatea dastatu eta film bat ikusteko aukera izanen dute Aritzaga elkartean. Indarrak hartu ondoren 18:30ean beheko basotik iritsitako erregeei ongi etorria egingo diote iturmendiarrek. Herrian barnako ibilbidean adinekoen egoitzan eta eliz atean izanen den jaiotzan geldialdi bana eginen dute. Lehenengoan egoitzan daudenak agurtuko dituzte eta jaiotzan Jesus haurra gurtuko dute. Erregeen ibilbidea pilotalekuan bukatuko da. Han txikienei gozokiak banatuko dizkiete eta helduendako jan-edana izanen da. AltsasuUrtarrilaren 3an, ekialdeko magoak etorri aurretik, errege-morroiak Altsasun bisitan izanen dira Altsasuko haurren gutunak jasotzeko. Arratsaldeko 19:00etan dute hitzordua frontoian eta bertan margo txapelketaren sari banaketa egingo dute pajeek.Errege bezperan, urtarrilaren 5ean eta arratsaldeko 18:00etan Foruen plazan fale-joleen erregea aukeratuko dute. LHko institututik iritsiko dira erregeak Altsasura arratsaldeko 19:00etan. Zelai, Isidoro Melero, San Juan, Burundi, Nafarroa, Altzania, La Paz, Zumalakarregi (Herodesen antzezlana), Gipuzkoa, Erkuden, Frontoia, Iortia, Gartzia Ximenez karrikak bisitatu ondoren eta Foruen plazara iritsiko da segizioa. Eliza atzealdean aingeruaren agerpena ikusteko aukera ere izango da aurten. OlaztiUrtarrilaren 3an, Kultur Etxean pajeek olaztiarren eskutitzak hartzeko hitzordua jarri dute arrratsaldeko 17:00etan. Errege bezperan, arratsaldeko 18:00etan abiatuko da Ekialdeko segizioa jubilatuen parketik. Honako ibilbidea egingo du: Kale Nagusia, San Sebastian auzoa, Porturako kalea eta handik herriko frontoira. Bertan erregeek eskenatokian hartuko dute lekua eta herriko neska-mutikoek haiekin hitz egiteko aukera izango dute. Bukatzeko gazta eta txorizoa banatuko da bertaratu guztiendako.Ziordia Olazti aldetik iritsiko dira Erregeak Ziordira. Gameluak atseden hartzen utzi, eta 18:30ak aldera gurdi gainera igoko dira herriari buelta emateko. Trikitixa doinuen laguntzarekin, gazteen suziek herriko elizaraino gidatuko dituzte Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Jesus haurtxoa gurtuko dute bertan. Ondoren, haurrek erregeekin egoteko aukera izanen dute: gutunak irakurri, musutxoak eman eta, gaueko oparien aurrekari, gozokiren bat edo beste jasoko dute. Elizatik aterata, erregeek eta ziordiarrek mojen etxerako bidea hartuko dute. Bertako gaixoak bisitatu eta datorren urtera arte agurtuko dituzte erregeak.