Ilbeltza erdialdean zabalduko dute igerileku estalia

Guaixe 2009ko abenduaren 31

Atzoko bilkuran Altsasuko Udalak herriko kirol azpiegiturak kudeatzeko ardura Atabo Altsasu SL sozietate publikoari emateko ardura onartzekoa zen. Horrekin batera, zinegotziek aztertu behar zuten orain arte azpiegitura horiek kudeatu dituen Nitram Pool SL enpresak kudeaketa kontratua bete duen edo ez. Erredakzioa ixterakoan bilkuran gertatutakoaren berri ez genuen. Hala ere, Unai Hualde alkateak eta Iñaki Migel kirol zinegotziak jakinarazi zutenez, "bizpahiru asteren buruan zabalduko da igerileku estalia". Luis Alberto Duran kirol teknikariak azaldu zuenez, "hornitzaileekin kontratuak ixtea kostatzen ari da, aurreko enpresaren  zorra gure gain hartzeko eskatzen ari direlako. Guk garbi utzi diegu beste enpresa bat garela eta haiekin konpondu beharra dutela". Horretaz gain, igerilekuen zabalera bizpahiru astez atzeratzeko arrazoien artean osasun publikoari dagozkion bete beharrak ere badaude azaldu dute udaletik. Kudeatzaile berriaAtzokoan udalak kirol azpiegiturak Atabo Altsasu SL sozietate publikoari ematea aztertu behar zuten. Nitram Pool SL-ri emandako baldintza berberekin jasoko du sozietate publikoak kirol azpiegiturak kudeatzeko ardura. Udalak eskuartean duen bideragarritasun plan bati jarraituz kudeatu beharko ditu kirol azpiegiturak. Udaletik jakinarazi denez, sei hileko egokitze epe bat aurreikusi dute. Epe horretan sozietate publikoko gerenteak ardura hartu eta bideragarritasun planari jarraituz arlo guztietan proposamenak egin beharko ditu: kudeaketan, lan kontratuak edota hautapen prozesuak. Horrekin batera helburu batzuk ere markatu dizkio udalak kudeatzaileari: abonatu gehiago lortzea, hornikuntza gastua murriztea eta langileriaren dimentsio egokia aztertzea. Gerenteari dagokionez, 140 curriculum jaso dira eta hautaketa egin ondoren ilbeltzaren bigarren erdialdean lanean hastea aurreikusten du udalak. LangileakNitram Pool SLrekin zeuden 14 langileak jarraitu eginen dute. Udaletik azaldu digutenez, "balioaniztasuna" aplikatu eta langileak kirol azpiegitura guztietarako lan egitea nahi lukete. Sei hilabete barru hautaprobak eginen lirateke. Udaletik langileek izandako jarrera nabarmendu dute. Ez betetzeazUdalak eta Nitram Pool SL enpresak kontratu bat sinatu zuten. Kontratuan jasotakoa ez dela bete uste du udalak. Udalbatzak hori aztertu behar zuen eta hala iritziz gero, hitzarmenean jasotako diru kopuruak ordaintzeari uko eginen lioke udalak. Beti ere, azaroaren 10etik urte bukaerara artekoa, orduan itxi baitzen igerilekua. Asistentziagatik abenduari dagozkion 11.000 euroak eta ziurtatutako galerengatik udalak ordaindu beharrekoa lirateke Nitram Pool SL-ek jasoko ez lituzkeenak. 100 bat erabiltzaileUretan egiten ziren ikastaroetako 16 saio galdu dituzte. Nitram Pool SL enpresari erreklamatu beharko diote. Udalak jakinarazi du antzeko jarduera eskaintza eginen duela. 1.300 abonamenduUrrian kopuru hori zegoen. 2008ko azaroan 725 ziren. Udalaren ustez arlo horretan ere Nitram Pool SL-ren kudeaketa defizita dago.