Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakandar askok korrika despedituko dute urtea, Altsasun eta Olatzagutian San Silvestre lasterketak antolatu baitituzte. Aurten 31. edizioa beteko du Altsasuko San Silvestrek, eta bestalde Olaztiko probaren 9. edizioa izanen da jokoan. Altsasuko Mario MemorialaUrteko azken egunarekin batera, gaur iluntzean San Silvestre lasterketa eginen da Altsasuko herri gunean barna. Iaz Dantzaleku-Sakana klubak eta Sakana Triatloi Taldeak hartu zuten lasterketa antolatzearen ardura, Lagun Onak elkarteari lekukoa hartuta, eta lanbide horretan jarraitzen dute. Mario Memoriala izendatu zuten lasterketa, bertan 17 urtez gailendu zen Mario Lopez de Uralde korrikalariaren omenez. Aurten 31. edizioa beteko du Nafarroako proba beteranoenak, eta xehetasun guztiak eman zituzten Dantzaleku Sakana eta Sakana Triatloi taldeko Peio Bergarak eta Mikel Lakuntzak, Altsasuko kirol teknikari Luis Alberto Duranekin batera. Haurrak 18:00etan eta helduak 19:00etanArratsaldeko 18:00etan emanen diote hasiera lasterketari, gaztetxoenen lasterketarekin. Aurrebenjaminak, benjaminak, kimuak eta haurrak ariko dira, plazatik abiatuta eurendako propio prestatutako distantzia osatzen. Kategoria bakoitzeko lehendabiziko hiru neskek eta hiru mutilek domina jasoko dute, eta guztiendako zer jan eta zer edan egonen da. Kadeteek helduendako prestatutako zirkuituari buelta bat eman beharko diote, gutxi gorabehera 1.800 metro osatuz, eta lehendabiziko hiru neska-mutikoendako trofeoak izanen dira. Bestalde, jubenilak, seniorrak eta beteranoak 19:00etan Foruen Plazatik abiatuko den proba nagusian ariko dira. Kasu honetan Altsasun barna prestatutako zirkuituari hiru buelta eman beharko dizkiote, guztira 5.250 metro osatuz. Lehen hiru gizon eta emakumezkoek trofeoa jasoko dute eta indarrak berreskuratzeko korrikalari guztiendako salda beroa ez da faltako. Horretaz gain, produktu loteak zozketatuko dira korrikalarien artean. Izen ematea zabalik egon da www.dantzalekusakana.com webgunean baina gaur bertan eman daiteke izena, lasterketa hasi baino ordu bat lehenago, arratsaldeko bostetatik sei eta erdietara, Gure Etxean, lehen solairuan. Errepidea itxiko daNobedade moduan San Silvestrea jokatzen den bitartean bidea itxiko dute Altsasun, segurtasunagatik. "Autoek Altsasun sartzeko ez dute arazorik izango, beheko sarreratik sartzen badira Optica Navarratik eskuinera sartu ahal direlako. Bestela, Gipuzkoako norabidera joz Altsasuko sarbidetik sar daiteke lasai asko" zioten antolatzaileek. Altsasuko kirol teknikariak nabarmendu zuenez "udaletik eskertzen da eta pozgarria da herriko kirol elkarteek herrian ekitaldiak antolatzea, herriari bizia ematen diotelako". Besterik gabe, San Silvestrean parte hartzera animatu zuten antolatzaileek. "Lasterketarik herrikoiena hau da, normalean aritzen ez den jendea animatzen da eta oso polita izaten da. Urte bukaerako festa ederra da eta aipatzekoa da apustu asko egiten direla eta korrikalari askoren artean sekulako pikea izaten dela. Hortaz, bertan aritzera animatu nahi ditugu sakandarrak" esan zuten Bergarak eta Lakuntzak. Iaz 160 pertsona aritu ziren helduen proban eta 60 inguru kategoria txikietan, gehienak sakandarrak, nahiz eta arabar eta gipuzkoar batzuk gerturatu. Aurten antzeko parte hartzea espero da. Sakanako Kopa-Lasa Kirolak Sarirako baliagarriaAltsasuko San Silvestre lasterketak erabakiko du Sakanako V. Atletismo Kopa-Lasa Kirolak Saria. Urdiaingo Aitziber lasterketa, Iturmendiko Aitzkozar lasterketa, Ergoienako Bira eta Sakanako herri lasterketa jokatuta, gizonezkoetan Fco. Javier Gomez dago buruan (38 puntu), Antton Zelaia da bigarrena (29 puntu) eta Jon Iñaki Araña hirugarrena (26 puntu), eta emakumezkoetan Jone Pelaez dago buruan (28 puntu), Nuria Ongay (20 puntu) eta Maitane Txueka (10 puntu) atzean dituela. Ea nork irabazten duen kopa. OlatzagutiaSan Silvestre lasterketaren IX. edizioa egingo da gaur arratsaldean Olatzagutian. Sutegi elkarteak antolatutako lasterketak Intsumisio plaza izanen du abiapuntu. Handik korrikalariek Ingurubide kalea hartuko dute frontoi aldera jo eta abiapuntuan dagoen helmugara iristeko. Izena eman nahi duenak lasterketa aurretik plazan jarritako mahaitik pasa beharko du. Helduendako garaikurrak eta txikiendako opariak izanen dira. Ordua Adina Ibilbidea18:00etan 4-5 urte Zirkuitu txikiari buelta bat. 7-12 urte Buelta handiagoa.19:30ean +15 urte 1.200 metro (buelta 1)19:30ean Helduak 4.800 metro (4 buelta)