Zabor bilketako tasak, iazkoak

Guaixe 2010eko urtarrilaren 14a

Hondakin bilketa zerbitzuagatik Sakanako Mankomunitateari aurten ordaindu beharreko kopurua, iazko bera izanen da; hau da, lau hileko 21,23 euro eta urtean 63,69 euro. Hondakinen kudeaketa egokia egiteko Sakanako Mankomunitatea Nafarroako Hondakinen Partzuergoko kide da. Hori dela eta, Mankomunitatekoaz gain partzuergoko tasa ere ordaindu beharko dugu. Lau hilero 12,71 euro; urtean 38,13. Partzuergoko industriako tasa urteko 47,93 euro da. HobariakSakanako Mankomunitateak hiri hondakin solidoak bildu, tratatu eta aprobetxatu edo desegiteko tasak arautzen dituen ordenantza eguneratu eta hobariak zehaztu ditu. Interesatuek eskaerak otsailaren 13ra arte egiteko aukera izanen dute. Sakanako Mankomunitateak onartutakoaren arabera %100aren hobaria izanen dute: Gizarte Segurantzaren edo Nafarroako Mendekotasun Agentziaren onuradunak direnak, jasotzen duten zenbatekoa indarrean den Efektu Anitzetarako Errenta-Adierazle Publikoa x 1,13 eginez ateratzen den kopurua gainditzen ez duenean (826,67 euro hileko); bikotea izatekoan adierazlea x 1,35 egin, bion sarrerak baturik, eta kopurua gainditzen ez duenean; ezkontidea ez den beste ezein familia-zamarik izanez gero. Bestalde, eskatzailearen edo bizikidearen ondarea ezin da 21.000 euro baino handiagoa izan. Aurreko baldintzak bete eta errendamendu-kontratua dutenek ere hobari horretarako eskubidea dute. Baldintzak betetzen direla ziurtatzeko, eskatzaileek eskaerarekin batera honakoak aurkeztu beharko dituzte: jasotako prestazioaren egiaztagiria, Errenta edo Ondare Aitorpena, edo horrelakorik egin behar ez izateko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren agiria, baita eskatzailearen edo bizikideen diru sarrerak egiaztatzen dituzten beste agiriak ere. Hobari gehiago%70eko hobaria hartzeko eskubidea dute hutsik dauden etxebizitzen jabeek. Horretarako urtero frogatu behar diote Sakanako Mankomunitateari etxebizitza horietan ur eta argi zerbitzurik ez dutela. Zerbitzuak ematen dituzten enpresa edo entitate hornitzaileen egiaztagirien bidez ziurtatu beharko dute jabeek hori.Bestetik, etxebizitza edo egoitzatik gertuen dagoen edukiontzira 500 metro baino gehiago dutenek %100eko hobaria izanen dute. Eskubidea izateko interesatuek eskaera egin beharra dute.Hobari bera izanen dute eraisteko lizentzia jaso bada etxebizitza egiteko, beti ere, lanak dirauten eperako. Hobaria eskuratzeko udal-lizentzia aurkeztu beharko du interesatuak.  Hondakin Partzuergoa Sakanako Mankomunitatea kide den Nafarroako Hondakinen Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak 2010. urterako 8,58 milioi euroko aurrekontua onartu du. Diru hori hondakinak biltzeko eta tratatzeko sistema finantzatzeko (sistema bera Nafarroa osorako) eta transferentzia estazioak eraikitzera bideratuko da. Partzuergoaren helburua da hondakin organikoak Europako arauei jarraiki tratatzea. Araudi horren arabera, 2009ko uztailean, 1995ean sortzen ziren hondakinen erdia sortu behar zen. Halaber, duela 14 urteko zabor kopurua %65 jaitsi beharko dugu 2016. urterako.