Alvia trenek gelditu gabe segituko dute

Guaixe 2010eko urtarrilaren 11

Sakanako udalek eta Nafarroako Parlamentuak mozioa onartu zuten, Renferi eskatuz Alvia trenak Altsasuko geltokian, gutxienez, egunean behin gelditzeko. Enpresak ez duela halakorik eginen jakinarazi du. Ezker Batuko parlamentarien bidez jakin ahal izan dugu Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentua Bartzelona eta Madrilgo Renfeko arduradunekin harremanetan izan dela. Bartzelonatik erantzun zuten urte bateko epean izandako bidaia kopurua ez zela "oso adierazgarria". Hala ere, "gaia aztertzeko" asmoa azaldu zuten. Madril inguruko Renfeko arduradunak departamentuari jakinarazi zionez, 2008an Madrilgo trenetik 331 bidaiari igo edo jaitsi zirela Altsasun, "egunean bat baino gutxiago". Renfeko buruak nabarmendu zuen, Alvia trenak orain Iruñetik abiatzen direla eta Altsasutik pasatzen diren Alviak Valladoliden barna joaten direla Madrila. Eta gaineratu zuen: "tren horien erabiltzaileen artean gehien baloratzen dena irteera eta helmuga arteko bidaiaren denbora tarte txikia da". Beraz, geldialdirik ez dela aurreikusten jakinarazi du. Lan ildoaDepartamentuak Ezker Batuari jakinarazi dio Renferekin harremanetan jarraituko duela, eta ahaleginduko omen da geldialdiaren eskaera bete dadin. Bestela, Altsasu-Iruñea distantzia ertaineko trenen zerbitzua hobetzen ahaleginduko da, sakandarrok horiek erabiliz Iruñetik Bartzelonara eta Madrila doazen trenak hartzeko aukera izan dezagun. Hori ere, ezkerreko koalizioaren eskaera zen, lotura egokiak ez daudenez, jendeak autoz edo autobusez joan behar izaten duelako Iruñera.