Elurrak jardunaldia atzeratu zuen

Guaixe 2010eko urtarrilaren 11

Asteburuko elurteak atzera ere eragina izan zuen futbolean, maila federatutako partidak bertan behera gelditu eta jardunaldia atzeratu egin baitzen. Horrela, preferente mailan Lakuntzako Lagun Artea liderrak hirugarrena den Burlades taldearen kontra Burlatan jokatu beharreko lehia atzeratu egin zen. Lagun Arteak Cantolagua hartuko duLagun Arteak lidergoari eusten dio. Ilbeltzaren 2an Leitzaren kontra jokatutako lehian 1-0 galdu eta gero, ilbeltzaren 6an aurreko elurtearen ondorioz atzeratutako partida jokatu zuten etxean, San Cristobalen aurka. Partida ederra izan zen eta Lakuntzako taldeak 3-0 hartu zuen menpean San Cristobal. Lagun Arteak ongi jokatu zuen, zuen guztia emanez eta kiroltasun handiarekin. Gasco, Montoya eta Migel izan ziren kontrako atean haztatu zutenak. Lagun Artea liderrak 32 puntu dauzka, Ardoi bigarrenak 30 eta Burlades hirugarrenak 29. Igandean 21 punturekin sailkapenean zazpigarrena den Zangozako Cantolagua taldea hartuko du Lagun Arteak Zelai Berrin. Ea puntuak pilatu eta lidergoa sendotzeko aukera duten lakuntzarrek. Etxarri Aranatz gutxinaka-gutxinaka lidergoa sendotzen ari da. Errege egunean atzeratutako partida jokatu zuen Zizurko Ardoi taldearen kontra eta garaipen oso landua lortu zuen talde sakandarrak. Hasieran etxarriarrek dominatu zuten, Ikerrek markagailua estreinatuz, eta gero Ardoi berdintzen saiatu zen, baina ez zuen lortu eta Hodeik Etxarriren bigarren gola sartu zuen. Ardoik gola sartzeko aukera izan zuen penalty bati esker, baina Etxarriko atezain Victorrek gelditzea lortu zuen. Bukaeran Eduk sartutako golarekin 3-0 irabazi zuen Etxarrik. Larunbatean Bidezarraren kontra aritzekoa zen Etxarri, baina elurrarengatik partida atzeratu egin da. Etxarri lider da, 37 punturekin. Iruña bigarrenak 31 puntu dauzka eta Beriain hirugarrenak 30. Horrela, larunbatean 18. Jardunaldia egonen da jokoan. Beriainen jokatuko du Etxarri liderrak, Beriain hirugarrenaren kontra. Partida gogorra izango da, baina ea Etxarrik zakua pilatu eta lidergoa are gehiago sendotzen duen, lasaitasunez aritzeko.  Elomendiko Txapelketa ere atzeratuaIlbeltzaren 2an Elomendiko Futbol Txapelketako 14. jardunaldia jokatu zen eta Izurdiagako Rajatablak 2-0 irabazi zion The Beltzak taldeari. Aldiz, Apolok eta Arakilgo Zalduak jokatu beharreko lehia atzeratu egin zen. Eta aipatzekoa da asteburuan jokatzekoa zen 15. jardunaldia ere atzeratu egin dela, elurraren ondorioz. Rajatabla Bidezarraren kontra aritzekoa zen eta Zaldua Unzitiren kontra.Horrela, Urrotz da lider 23 punturekin; Rajatabla 10.a da 11 punturekin eta Zaldua 16.a 2 punturekin.