Espetxeetan itxialdia hasi dute EPPK-ko kideek

Guaixe 2010eko urtarrilaren 12a

Espetxe politika salatzeko Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) 742 presoek, bederatzi sakandar barne, itxialdiak hasi dituzte aste honetan. Ez dira ziegetatik ezertarako aterako, ezta bisitak hartzeko ere. Protestaldi horrekin eta kolektiboak iragarri duen urte guztiko borrokaldiarekin Espainiako eta Frantziako estatuen politika orokorra eta espetxe politika salatu nahi du. Presoen kolektiboak lau eskaera zehatz egin dizkie bi estatuei: zigorra beteta duten presoak berehala kaleratzea; baldintzapeko askatasuna lortzeko epeetan liratekeen kideen berehala kaleratzea; gaixotasun larria duten kideak berehala kaleratzea eta, azkenik, isolaturik dauden kideak berehala beste kideekin elkartzea.