Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan hasiko da 7. Berria Pilota Txapelketa. Guztira Euskal Herriko 24 pilota klubek hartuko dute parte. 11 aste iraungo du txapelketak eta finalak martxoaren azken asteburuan jokatuko dira Hernanin. Txapelketa Berria egunkaria argitaratzen duen EKAT-k antolatu du, Gipuzkoako Pilota Federazioaren eta Hernani pilota elkartearen laguntzarekin. "Berria txapelketa urtetik urtera garrantzi handiagoa hartzen ari da eta ohorea da antolatzea" azaldu zuen Gipuzkoako Pilota Federazioko presidente Patxi Jauregik. Sistema iazko bera izango da: partida gehien irabazten duen kluba sailkatuko da hurrengo faserako. Kadeteak, gazteak eta seniorrak ariko dira lehian, binaka. Lehiatuko diren 24 taldeetatik bi sakandarrak dira: Arbizuko Aldabide eta Irurtzun. Bi taldeak iaz ere aritu ziren, maila bikaina emanez. Irurtzun finalerako sailkatu zen, baina ezin izan zuen Aurrera Saiaz talde gipuzkoarraren kontra, eta txapeldunorde izatearekin konformatu behar izan zuten irurtzundarrek. Arbizuko Aldabidek hirugarren kanporaketara heltzea lortu zuen eta bertan bidean utzi zuen Burlatako Zugarraldek. Txapelketako lehen kanporaketa asteburu honetan hasiko da, baina Sakanako taldeak bigarren kanporaketan sartuko dira lehian, iazko maila bikainagatik. Aldabidek Gazteleku eta Txarutaren artean garaile suertatzen dena izango du aurkari otsaileko lehen asteburuan. Irurtzunek asteburu horretan jokatuko du baita ere, Amurrio eta Iparralderen artean garaile suertatzen denaren kontra.