Elur eta izotz aldiaren ondoren euria bisitan dugu. Sakandarrek, leran, eskiatzen edo paseatzen ibiltzeko baliatu zuten aukera. Ikastetxera joan beharrik ez zuten txikienendako eguberrietako oporrak bukatzeko opari ezin hobea izan zen. Neguko eguraldi gordinak mugikortasunean hainbat traba sortu ditu. Elur eta izotz gainean tentuz ibili beharrean egon gara. Elurra kentzeko zerbitzuek gogor lan egin behar izan dute kale eta errepideak garbi mantentzeko. Hala ere, gidari asko eta asko izan dira auzokoen, foruzainen edo Guardia Civilaren laguntza behar izan dutenak ibilgailuak elurretatik ateratzeko. Gasolindegien sarreretan ere kamioi pilaketak izan ziren. Garraio publikoan makina bat arazo izan ziren. Autobusek ezin izan dute elurte egunetan ordutegia behar bezala bete. Elurtearen gordinean, bestalde, tren zerbitzu batzuk bertan bera gelditu ziren. Giroa epeltzearekin batera, txintxirrinak agertu ziren teilatuetan, zenbaitetan arriskutsu.