Sakanak Badaiotz izango du arerio nagusi

Guaixe 2010eko urtarrilaren 15a

Asteburuan abiatuko da Euskal Herriko Zortziko Goma Gaineko Sokatira Txapelketa. Emakumezkoak bi pisutan neurtuko dira: 540 kilotan eta 500 kilotan. Sakana Sokatira Taldeak bi talde prestatu ditu aipatu bi txapelketa edo pisutan aritzeko. Asteburu honetan 540 kilotako nesken txapelketa abiatuko da, Abadiñon. Izenak dioen bezala zortzi tiralariz osatutako taldeak lehiatuko dira, gehienez 540 kiloko pisua batzen dutenak. Nesken 540 kilotan lau talde ariko dira: berriki Euskal Herriko Lauko Txapelketan txapeldun eta jaun eta jabe izan den Gasteizko Badaiotz taldea, Ibarra, Lesakako Beti Gazte eta Sakana. Sakanako neskek maila txukuna eman zuten berriki jokatu zen Lauko txapelketan ¬ - bi talde aurkeztu zituzten; horietako bat laugarrena izan zen eta bestea seigarrena - eta dena ematera aterako dira Zortziko txapelketan. Asteburuan Abadiñon eta hurrengoan LakuntzanArerio gogorrena eta txapelketa irabazteko faborito argiena Badaiotz izango da, baina Beti-Gazte ere ez da kikilduko. Hortaz, txapelketa ongi prestatu beharko dute Sakanako neskek. Txapelketako lehen jardunaldia bihar, ilbeltzaren 16an jokatuko da, larunbatean, Abadiñon. Nesken txapelketaz gain, gizonezkoen 600 kiloko txapelketako jardunaldia jokatuko da. Taldeek 14:00etatik 15:30erako epea izango dute pisatzeak egiteko eta txapelketa 17:00etan hasiko da. Aipatzekoa da emakumezkoen 540 kilotako nesken txapelketako bigarren jardunaldia Lakuntzako Sansastiñetan jokatuko dela, ilbeltzaren 23an, 17:00etan. Txapelketako hirugarren eta azken jardunaldia ilbeltzaren 30ean jokatuko da Aramaion. Bestalde, emakumezkoen 500 kiloko nesken txapelketa otsailaren 6an abiatuko da.