"AULKI BAT ELURRETAN", "AULKI JOKOA".- UXUE ALBERDI (2007/2009).- ELKAR

Guaixe 2010eko urtarrilaren 20a

Uxue Alberdi, Elgoibarren 1984an jaio zen kazetari, idazle eta bertsolari gazteak Igartza saria eskuratu zuen Aulki bat elurretan bere lehen ipuin-liburuarekin.Liburua osatzen duten hamazazpi ipuinek Suedia dute eszenatokia, horien erdiak bertan idatziak dira Uxuek Erasmus bekari esker han eman zuen denboran.Nolanahi ere, ez da Suedia gai nagusia. "Suedia aitzakia izan da axola zaidanaren inguruan idazteko. Eta baita hain perfektuak ematen duten gauzen ajeak bilatzeko ere". Suediaren paisaiari begiratu dio, betiere pertsonaien barne-paisaiaren berri emateko. Hau da, jendearen barne-giroaren eta kanpo-giroaren arteko harreman hori agerrarazi nahian. Zuritasuna eta hoztasuna. "Bertako pertsona anonimoak dira protagonista, eta gizakien arteko harremanak dira gai nagusia. Begiratu batera txartzat jotzen ditugun gauzen alde onak aurkitzen saiatu naiz, eta onak ematen dutenen alde txarak ere bai".  Sven gaztea, Munchen koadroak lapurtzen dituzten senar-emazteak, "tangoa zor duten pertsonaiak", taxi-bidaiako gidaria eta bezeroak...Aulki-jokoa, Uxueren lehendabiziko eleberria,  abenduaren 17an aurkeztu zigun idazleak Altsasuko Iortian. "Nik istorio bat kontatu nahi nuen eta konturatu nintzen ez zela ipuin batean kabitzen... Liburua lantzen hasi nintzenean, elkarrizketa batzuk egin nizkien Getariako nire aiton-amonei eta beste batzuei... Eta ez bakarrikan Gerra garaiari buruz ikasi behar izan dudalako, adibidez, kostaldeko hizkera ere harrapatu..."  Beren bizitza kontatzeko eskatu zien, xehetasunak, "eurek garrantzirik ematen ez zizkieten gertaera horiek " .Maitasuna, 36kogerra, askatasuna, amorrua, errebeldia...  ageri dira Kantoieta fikziozko herri txikiko biztanleen bizitzetan. Hiru emakumeren ahotsek josten dute eleberri honen sarea: Teresa, Martiña eta Eulali, haurrak ezagutzeko aukera izango dugu  baita haiek berak gaztetan ere, beren ilusio eta hausturekin, eta pasarte horiekin tartekaturik pertsonaia berberak gaur egun, arratsaldero kafea hartzen, gozotegian, nor bere aulkian. Istorio xumeen handitasuna erakusten du liburu honetan Uxue Alberdik. Sentimenduez ari da.Horretaz guztiaz idazteko orduan ahozko hizkerari garrantzi handia eman dio, eta hori dena jasotzeko asmoz idatzi ditu esaldi laburrak, egin ditu elipsiak eta sartu ditu elkarrizketa freskoak.  Kontakizun asko, gainera, fantasia ukituz biribilduta daude, eta, horrela, are bereziagoak bihurtzen dira gertaerak. Edorta Jimenezek esan zuen bezala, "Uxue Alberdiren nobelak musika du".Bi obren izenburuei erreparatuz, ez dutela inongo erlaziorik azalduko dugu: Aulki bat elurretan liburuari buruz: "Beti gustatu izan zaizkit aulkiak, eta liburuko ipuin bat baino gehiagotan agertzen dira" . Aulki batekin bizipen berezia izan zuen, gainera, Suedian. "Autobusez hilerri baten ondotik pasatzean, ikusi nuen aulki txiki bat hilobi baten ondoan... Hortik sortu zen "Aulki bat elurretan" ipuina».Aulki-jokoari dagokionez, "hasieran, proiektu honen izenburua Hamaika makila zen. Hamaika zaharren koadrila bat neukan buruan, baina konturatu nintzen hamaika pertsona horiek hiru-lau pertsonaietarako bakarrik ematen zutela. Orduan, Hiru-lau makila ez nion jarriko... Azkenean, aulki-jokoaren metaforak hartzen du indarra".Gustura eta erraz bezain erruz irakurtzen diren liburuak dira Uxue Alberdiren hauek.Izaskun Etxeberria Zufiarre