Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostiralean ezker abertzaleko hainbat hautetsik, sakandarrak barne, Nafarroako Gobernuaren erregistroan dokumentua aurkeztu zuten. Agiri hori herrialde guztiko 100 zinegotzik eta 13 alkateren (Lakuntza eta Arbizukoak tartean) sinadurekin batera aurkeztu zuten. Hautetsi independentistek azaldu zutenez, "gobernuak garatutako politika ekonomikoak, egungo krisi ekonomikoaren aurrean, ez die inondik inora erantzuten Nafarroako biztanleria gehiengoaren beharrei". Politika hori errotik aldatzea exijitzen zuten. Dei egin zuten "Nafarroan beharrezkoa den aldaketa sozial eta politikoaren bidean indarrak biltzeko, eta ahalik eta eremu gehienetatik lan egiteko helburu horretan". Nafarroako Gobernuari "politika neoliberala" egitea leporatu zioten. Ezker abertzaleko hautetsien ustez krisi garaian Nafarroako Gobernuak "langabezia-politika eta behar sozialen utzikeria" egin du. Hautetsi independentisten iritziz "antisozialak eta elitistak diren azpiegitura erraldoiek jarraitzen dute lehentasun izaten" aurrekontu politikan. Gobernuaren politika fiskalak "langile klasea gehiago estutzen" duela nabarmen zuten. Horrekin batera, udalei zuzendutako laguntzen murrizpena salatu zuten hautetsi independentistek. Baita hezkuntza eta osasun arloan emandako "pribatizatze-politika" ere. Lurralde antolaketa "eredu ekonomiko neoliberal baten mesedera jarri nahi" izatea leporatu zioten Nafarroako Gobernuari. Aldi berean, etxebizitza politika okerra garatzea eta "bere neurrira sortutako foroak" antolatuz "bazterketa eta lehentasunezko politika" praktikatzea leporatu zioten.