Satrustegiko Alberto Ongayk bukatzear zuen Asperekin zuen kontratua baina Eibarko enpresak beste urte batez luzatu dio kontratua. Hortaz, Aspen lanean jarraituko du Satrustegiko aurrelariak. Nagore Zaragoza Hiria Trofeoko finalerdietanFrontisek antolatutako Zaragoza Hiria Trofeoko pilota txapelketako final hamaseirenak, zortzirenak eta laurdenak jokatu dira asteburuan Aragoiko hiriburuan. Txapelketa lau t´erdian jokatzen ari da eta CPA edo Pilota Zirkuitu Profesionalerako baliagarria da.Final hamaseirenetan Jon Gorriti uhartearrak ezin izan zuen Camarero II.aren kontra. Lehen jokoan 10-6 gailendu zen Camarero, eta bigarrenan 10-2. Hortaz, uhartearra bidean geratu da. Jorge Nagore irurtzundarra final laurdenetan sartu zen lehian eta Urdaniz izan zuen aurkari. Nahiz eta lau t´erdian espezialista handia izan, irurtzundarrak asko sufritu behar izan zuen Urdaniz irabazteko. Lehen jokoan 9-10 galdu zuen Jorgek, lehian sartzea asko kosta baitzitzaion. Bigarren joko bereganatzea lortu zuen Nagorek, 10-8 irabaziz, eta hirugarren jokoan erabaki zen dena. Hor jaun eta jabe izan zen Nagore, eta 5-0 gailendu zen, finalerdietarako sailkatuz. Zaragoza Hiria Trofeoko finalerdiak larunbatean jokatuko dira, Zaragozako Jose Garces pilotalekuan, 17:00etan. Camarero II.ak Ibai Bengoetxea izanen du kontrario, eta Jorge Nagorek Egoitz Amantegi. Finala igandean jokatuko da, 11:30ean.